Ondarroako arrantza eskola lekualdatzeko asmoa agertu dute
Elizbarrutiko Ikastetxeek jakitera eman dutenez, Antiguako Ama arrantza eskola San Ignazio kaletik Txomin Agirre ikastola zegoen eraikinera lekualdatzeko asmoa agertu dute.

Nerea Begoña Elizbarrutiko Ikastetxeetako arduradunaren esanetan lekualdaketa egitea aztertzen ari dira. Hori bai, behin-betiko erabakia sendoa hartu barik dagoela azpimarratu du. “Txomin Agirre hutsik daukagunez, eraikinari beste erabilpen bat ematea pentsatu dugu. Orain momentuan, egia esan, lekualdaketa prozesua bera zelan egin litekeen aztertzen ari gara”.
Begoñak azaldu duenez, ikastola arrunt baten eta Lanbide Heziketako zentro baten funtzionamendua ez dira berdinak. Hau da, lekualdaketa egitea posible izanez gero, hainbat obra egin beharko lituzteke eraikina etorkizuneko beharrizanetara egokitzeko. “Plano guztiak ikusi, eta egiturak egin nahi ditugun aldaketak jasan ditzakeen aztertu behar dugu. Arrantza irakasteko zentro bat da, eta tailer bereziak ditu. Nahikoa makina pisutsuak erabiltzen dituzte tailerretan, eta egiturak pisu hori guztiori noraino eutsi ahal duen ere ikusi behar da”.
Bestalde, eraikinak zer baliabide eskaintzen dituen eta horrek zenbateko kostua duen ere zehaztu behar dute. “Hezkuntza Sailak aldaketa egiteko baimena ere eman beharko luke. Eta, azkenik, eraikinaren jabetza parrokiarena da, eta haiek dute azken hitza. Nire ustez, erabakia hilabete barru hartu ahal izango dugu».