Ostaizka Goitia eta Iñaki Goikoetxea: «Herri eredua aldatu nahi dugu Galarrenaren baloreak ardatz izanda»
Iaz ospatu zuten 20. urteurrenak eragindako olatuari jarraipena emango dio aurten Galarrena Kultur Elkarteak. Era askotako ekimenak antolatuko dituzte uztailera bitartean, auzolanean.

Iaz 20. urteurrena ospatu zenuten. Zerekin zatozte aurten?
Ostaizka Goitia. 2019 urtean Galarrena eraikinak 20 urte bete zituen. Hori aprobetxatuz, eraikinean obra eta aldaketa batzuk egin ziren auzolanean, itxura berri eta hurbilago bat emateko asmoz. 20 urteurrena eta berrinaugurazioaren aitzakiarekin, egitarau zabala prestatu genuen. Martxoan Galarrena ireki eta ekintza desberdinak eraman genituen aurrera, egun berezi bategaz borobilduz uztailean: Galarrena egunagaz.
Iñaki Goikoetxea. Iazko olatuari jarraipena emateko, aurten hilabetero ekintza pare bat antolatzea dugu helburu, beti ere beste talde eta elkarteekin auzolanean eta Galarrenaren baloreak ardatz izanda: independentzia, sozialismoa, feminismoa, euskara eta ekologismoa.
Noiz hasiko duzue kultur egitaraua, zer prestatu duzue eta zeintzuk izango dira aurtengo ekintza azpimarragarrienak?
O.G.: Kultur egitarauari hasiera emango dion eguna domeka izango da, zapatu honetan, Kalderero Eguna dela aprobetxatuz. Iazko hasiera egunean legez, ohiturak mantentzeko, DJ Kool izango da lehen kultur ekintza.
I.G.: Hiruhilabeteko epean joango gara antolatutako ekintzen eskaintza plazaratzen, oraingo honetan otsaila, martxoa eta apirilekoak hain zuzen. Bertan, adin desberdin eta hainbat arlo ukitzen dituen jarduerak izango ditugu: apustu etxeen inguruko hitzaldia, kontzertuak, bideo emanaldiak… bai eta iaz arrakasta izugarria izan zuen bertso afaria ere.
Zein da ekintzak antolatzearen helburua?
I.G.: Aurreko urteetan Galarrenaren itxieraren mamua hor izan dugu, baina iaz beldur hori alde batera utzi eta apustu handia egin zen Galarrena herriratzeko. Jende ugari eta desberdina, eraikinera eta ekintzetara hurbiltzea lortu genuen, eta horri jarraipena eman nahi zaio.
O.G.: Galarrena auzolanean lan egiten duen espazio libre bat da, beste eredu bateko Lekeitio eraikitzeko asmoa duena. Horregatik 2020ko kanpainari Eskuz-esku Lekitto eraikitzen leloa jarri diogu. Hau da, adin desberdinentzako aisialdi eta formakuntza eskaintza eskainiaz, herri eredua aldatu nahi dugu, beti ere Galarrenaren baloreak ardatz izanda.
Iazko modura, hasiera ekitaldi berezirik egiteko asmoa daukazue?
O.G.: Aurten ez dugu iaz egin genuen ber-irekiera egun osoko egitaraurik antolatu. Aurrerago aipatu dugun moduan, Kalderero Eguna aprobetxatuko dugu hasierako txupina jaurtitzeko eta gauean Dj Kool izango dugu gurekin.
I.G.: Aipatzekoa, urteroko erreferentzia data moduan jarri nahi dugula, iaz 250 pertsonatik gora batu zituen Bertso afaria. Berau Apirilaren 4an izango da eta bertan Beñat Gaztelumendi Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako Txapelduna eta Jone Uria bertsolariak arituko dira.
Zenbat lagunek osatzen duzue Galarrena Kutur Elkartea gaur egun?
I.G.: Galarrena kultur elkartea osatzen dugunon kopurua ez dugu kuantitatiboki zenbatzen, auzolanean antolatzen ditugulako ekintza guztiak.Talde eta elkarte desberdinetako jendeak bere hondar alea ematen dio Galarrenari, ideiak ematen, ekarpenak egiten, gauzak antolatzeko orduan lanean…
O.G.: Esan beharra dugu, zabalik gaudela edozein talde zein elkartek dituen ideiak aurrera eramaten laguntzeko, eraikin barruan zein kanpoan. Eta edozein norbanakok ere ekarpena egin dezake kultur ekintzen eskaintzarako, bai sare sozialen bitartez edo baita guri esanda ere.
Iaz urteurrena ospatzeak jende gehiago batu du elkartera?
O.G.: Iaz indar erakustaldi bat egin genuela uste dugu. Antolatutako ekintza guztietan adin eta inguru desberdin askotako jendea batzea lortu genuen. Eta hemendik eskerrak eman nahi dizkiegu hurbildutako guztiei.
I.G.: Uztailean Galarrena egunarekin goia jo genuen. Jendeak oso ondo erantzun zuen, Galarrenak herrian duen garrantzia azpimarratu zelarik egun guztian. Egia esan, oso pozik geratu ginen itxieraren mamua behingoz alde batera utzi genuelako.
Kultur aldetik zelan ikusten duzue herria? Zein da gaur eguneko kultur arloari buruz egiten duzuen balorazioa?
I.G.: Lekeitio beti izan da kultura aldetik bizirik egon den herria. Herri mugimenduan ibili den eta dabilen jendeak, interes pertsonaletik harantzago,urte askoan herriaren mesedetan kultur aldetik Lekeitio bizi baten alde lan asko egin du. Baina egia da ere, agian azken urteetan moteldu egin dela eskaintza hori.
O.G.: Galarrenatik egin nahi dugun ekarpena zentzu horretatik dator, Lekeitio bizi bat eraikitzeko asmo horretatik. Gure ekarpena, asmo horretan lanean dauden taldeei laguntzea ere bada. Adibidez maiatzean Aittitta Txiki elkarteak antolatzen duen Iparraldeko Haizeak izaten da herrian, eta guk hori indartzen laguntzea dugu xede.
Beste talde edo elkarteen ekintzekin uztartuko dituzue ekimenak?
I.G.: Ekintzak antolatzeko orduan, kontuan izaten dugu beste elkarte zein taldeek antolatutakoak. Inor ez oztopatzea eta besteen ekintzak indartzea izaten da lehenbiziko pausua. Esan bezala, beste elkarte zein taldeekin elkarlana bilatzen dugu.
O.G.: Laburbilduz, Galarrena guztiontzat irekita dagoen kultur eraikina da. Gure ekintza guztiak herrira begira izango dira, eta ekarpen desberdinei irekita gaude. Hau da, Galarrena herriarena dela argi utzi nahi dugu.