Barikuan zabalduko dute Mutriku-Deba bidegorria
GI-638 errepideko lanak osotasunean amaitzeko Hondarbeltzeko harri-lubetaren estaldura amaitzea falta da oraindik.
GI-638 errepide hobetzeko lanak bihar [otsailak 21] amaituko zituztela iragarri bazuten ere, eguraldi txarra tarteko, lanak zer edo zer atzeratuta doazela jakitera eman dute Gipuzkoako Foru Aldundiko iturriek. Hori bai, Mutriku eta Deba lotzen dituen oinezkoen pasabidea bihar zabalduko dutela azpimarratu dute. “Bidegorria ia amaituta dago, eta bihar bertan zabalduko dugu pasabide guztia”.
Agertu dutenez, unean uneko bukaerako konponketa txiki batzuk falta dira bidegorrian. Nabarmendu dutenez, baina, lan horiek ez diete oinezkoen joan-etorriari eragingo. “Bidea oinezkoentzat arriskurik gabe zabaltzeko moduan gaude. “.
Gaineratu dutenez, obra guztiak datorren asterako amaitzea aurreikusita dago. “Lanak, berez, otsailaren 28rako amaitu nahi ditugu. Beste atzerapenik ezean bukatuta egongo da dena”. Egin beharreko lan guztiak eginda badaude ere, Hondarbeltzeko harri-lubetaren estaldura amaitzea falta da oraindik. “Zati hori amaitzea falta da bakarrik. Aurreko astean egon den itsaso txarra tarteko, lan horiek ezin izan dituzte egin. Hori dela eta, lanak ezin izan ditugu 21erako amaitu”.