Inauteriek kolorez eta irudimenez jantziko dituzte bazterrak
Asteburua askotariko ekimenez beteta dator. Ikastetxeek inauteri martitzenean (otsailak 25) egingo dituzte ospakizunak.
Irudimenaren ordua ailegatu da. Inauteriak heldu dira, eta ondo baino hobeto pasatzeko egitaraua prestatu dute herriz herri. eta ospatzen hasten goiztiarrenak munitibartarrak, mutrikuarrak eta lekeitiarrak izango dira. Gaur hainbat ekimen egingo dituzte herriotan. Munitibarko eskolako ikasleek jaialdia egingo dute, eta Mutrikun Pikomelatos kalez kale aterako da piku melatuak kainabetik zintzilikatuta dituela herritarren artean banatzen. Lekeition, aldiz, kantu tailerrekoen eskutik txikiteo kantatua egingo dute.
Biharko eguna [otsailak 22] ekintzaz beteta dator beste hainbat herritara. Aulestin, Inauteriri ongietorria eman aurretik, mozorroen kalejira herrikoia egingo dute, eta nahi duten kuadrillek antzezpena egiteko aukera ere edukiko dute plazan batuko direnen barre algara bat edo beste sortuaz. Ondarroan bihar eguerdian hasiko dira inauteriak ospatzen. Ohitura den modura, Lantzoi jaunari ongietorria eta Lantzeko dantzak izango dira eguneko ekimen erakargarriena. Ondarroako apustu etxearen eta makinen aurkako plataformaren ekimenez, bestalde, Gaztetxea garai bateko kasino modura apainduta egongo da egunotan. Plataformak dituen gastu ekonomikoei aurre egiteko, hainbat ekimen antolatu dituzte.
Domeka tradizioz betetako eguna da Markina-Xemeinen. Urtean behin egiten duen modura, agerraldia egingo du Hartzak Zerutxuko dantzariekin batera. Aurten, berritasun legez, mozorro sari banaketa arratsaldetik eguerdira aldatzea erabaki dute. Hau da, mozorro desfilea amaitu ostean banatuko dituzte sariak, herritarrak bazkaritan batu aurretik. Gizaburuagan ere etzi egingo dituzte ospakizunak.
Zoramen, ilusio, kolore eta irudimenez betetako egunei amaiera emateko eguna izango da martitzena. Kalejira eta dantzak izango dira nagusi Ispasterren, Lekeition edo Ondarroan. Ziortza-Bolibarren, berriz, inauteriak astebete beranduago ospatzeko apustua egin dute. Hala, otsailaren 29rako hainbat ekitaldi prestatu dituzte.
Mozorro onenei saria. Mozorro lehiaketak ere egongo dira han eta hemen. Aulestin, Etxebarrian, Lekeition, Markina-Xemeinen, Mutrikun eta Ondarroan mozorro onenekin doazen herritarrak sarituko dituzte. Gizaburuagan, bestalde, gai librea hartuta, mozorrorik originalenak saria jasoko du. Bestetik, Ondarroan, tabernak eta saltokietako erakusleihoak apaintzeko lehiaketa egingo da beste urte batez.