Umorez, kolorez eta jai giroz betetzen hasi da Lea-Artibai eta Mutriku
Inauterietako ospakizunak izan dituzte gaur [otsailak 22] hainbat herritan. Era askotako mozorroak ikusi dira dantza eta musikaz beteriko jaialdietan.
Inauterietako ospakizunak izan dituzte gaur [otsailak 22] Aulestin, Etxebarrian, Berriatuan, Munitibarren, Lekeition, Ondarroan eta Mutrikun, eta eguraldi onez lagundutako jaiagaz gozatzeko aukerarik ez dute galdu herritarrek. Aurten ere, imajinaziorik ez da falta izan, eta era askotako mozorroak ikusi dira dantza eta musikaz beteriko jaialdietan.
Kalejiragaz hasi dute inauteri eguna aulestiarrek. Torrezelaitik irtenda, dantzan ailegatu dira plazaraino adin guztietako kuadrillak. Margolariak, koadroak, mendigoizaleak, unicornioak, Obelix, marrazki bizidunetako pertsonaiak (Heidi, Pedro, aitona, Clara, Rottenmeier anderea, ahuntzak…), amonatxoak, moda zaleak markako jantzi herrikoiekin… bakoitza gaurko aukeratu duen pertsonaia antzeztuz.
Kalejiraren ondoren etorri da, baina urteroko kuadrillen arteko antzerkiaren txanda. Hiru kuadrillek egin dituzte antzezpenak plazan, eta han batutako guztiek txalo artean eskertu dituzte guztiek egindako lanak. Koreografia dotoreak eta umorez beteriko ikuskizunak eskaini dituzte Mendizaleek, Murgolak eta Mundua pikutara doa taldeek. Aldapan gora ibili dira dantzan mendizaleak, ardoa falta zela eta estu egon dira ondoren Murgolakoak, ikusleen barreak eraginez, eta munduko gertaeren errepasoa egin dute azkenik, Mundua pikutara doie! antzezlaneko partaideek.
Azken horiek –Mundua pikutara doie!– izan dira aurtengo mozorro lehiaketako nagusien mailako irabazleak, eta Mendigoizaleek eraman dute gazteen mailakoa. Sari berezi bat ere egon da, eta kalerik kale saldu eta saldu ibili den ijitoak irabazi du hori.
Inauteritxuk ere ez du galdu nahi izan Aulestiko jaia, eta herritarren kantu eta txalo artean jaitsi da kanpandorretik, ospakizunean parte hartzeko.
Girotsu. Azken urteetako inauteri egunik giro handienekoena ospatu dute Etxebarrian. Goizetik izan da giro ona nagusi. Irudimenik ez dute falta izan aurten etxebarritarrek, eta mozorro landuak atera dituzte kalera. Goizean, batetik bestera kalejiran ibili dira, eta ondoren, herri bazkarian elkartu dira udalak Peñaneko Plazan jarri duen karparen azpian. Eguraldi ona lagun, plazan bertan egin dute aurten inauterietako bazkaria. Eta bete egin da karpapea; guztira, 193 lagun inguru elkartu dira bazkaltzeko.
Festarako gogoak ez du etenik izan arratsaldean ere. Bazkaldu ostean, mozorro lehiaketa egin da Peñanekua plazako berdegunean, eta kuadrillak zein baino zein alaiago atera dira erdira mozorroak erakustera. Etxebarriko Rallya, mundu osoko miss-ak, herensugea, greziarrak, sufragistak, 155 legea, guardia zibila eta Gure Eskuren eskua, Rubiken kuboa, rockeroak, Gadget inspektorea, txoke-autoak, turistak, ezkonberriak, Harriketarrak, rugbi jokalariak, animatzaileak eta beste hainbat mozorro ikusi ahal izan dira. Dantzan egiteagaz gainera antzezpena ere egin dute batzuk.
Aitortu dutenez, epaimahaiak ez du eduki erraz aukeraketa, baina erabakia hartu behar eta hauek saritu dituzte:
-
0-4 urte bitartean: Enea Gurrutxaga Arrieta.
-
5-8 urte bitartean: Nora Errasti.
-
9-12 urte bitartean: Oier Cuende.
-
13-16 urte bitartean: Ekain Idigoras.
-
17 urtetik gora: Aritz Albizu.
-
Talderik onena: Etxebarriko Rallya.
-
Hobetoen apaindutako establezimendua: Otsolo taberna.
Berriatuan, Munitibarren, Lekeition eta Ondarroan ere ez da girorik falta izan. Kantu, dantza eta kalejirak eduki dituzte herritarrek.
Barikutik martxan. Mutrikun barikuan [otsailak 21] hasi ziren inauteriak ospatzen. Urtero egin bezala, Goizeko Izarra ikastolako eta San Migel ikastolako ikasle, irakasle eta gurasoak Pikomelatosekin kalejira egin zuten, 16:00etan hasita. Ikastetxeetatik hasi eta Goiko Plaza zeharkatu ondoren, kalejira Beheko Plazan amaitu zen, urtero modura. Bandak lagunduta, giro ona izan zen nagusi. Gaur ere jarraitu dute ospakizunekin. Kalejirak egin dituzte herriko taldeen laguntzarekin eta mozorro lehiaketa ere izan dute.
Inauteri festak ospatzen hasi besterik ez dira egin Lea-Artibaiko bizilagunak. Bihar [otsailak 23] dute inauterietako egun handia Markina-Xemeinen, eta Gizaburuagan ere mozorrotzeko eguna izango dute. Martitzenera arte jarraituko du jaiak herri batean edo bestean.