"Zaldibarko lur jausiak euskal oasiaren ezaugarriak lur azpian utzi ditu"
Elkarretaratzea egin dute gaur [otsailak 22] Lekeition, Zaldibarko zabortegiko lur jausia salatzeko.
Elkarretaratzea egin dute gaur [otsailak 22] eguerdian Lekeitioko udaletxeko eskaileratan, Zaldibarko zabortegiaren luizia salatu eta 16 egun lurperatuta eta desagertuta daramaten bi beharginen senideei elkartasuna adierazteko.
Bi aste hauetan, Zaldibarko lur jausiak euskal oasiaren ezaugarriak lur azpian utzi dituela esan dute: prekarietatea, zabortegiaren kudeaketan irregulartasunak, hondakinen kudeaketako eredu pribatua, arrisku ekologikoak eta Eusko Jaurlaritzaren “kudeaketa negargarria”. “Horren erantzule politikoak EAJ eta PSEE dira, urteetan eurak bultzatutako eredu sozioekonomikoa dagoelako euskal oasi ustelaren atzean”.
Beharginen senideei elkartasun besarkada bidaltzeagaz gainera, Zaldibarko gertaera argitu arte, “langileen, naturaren eta bizi duinaren alde” mobilizatzen jarraituko dutela azpimarratu dute.