Lidergoa estreinatu du Aurrerak
Dinamo San Juan taldeari 2-0 irabazi ostean sailkapen taulako lehen postuan ipini da Aurrera .Jon Iñaki Mendizabalen eta Jon Lejardiren golei esker lortu dute erraz eskuratu duten garaipena.
Denboraldiko garairik gozoenean dago Aurrera. Neurria hartu dio lehiari, eta bikain jarraitzen du. Igoera postuetako tropelean sartuta zebilen, eta zapatuan [otsailak 22] Zaldupen Dinamo San Juanen aurka lortutako garaipenari esker, Lurraldeko Ohorezko mailako 1 multzoko lider izatera ailegatu da. “Nahi genuen eta amesten genuen lekuan gaude. Goiko postuetan jarraitu nahi baldin badugu ez dugu hutsik egin behar”, azaldu du Eladino Gonzalez klubeko presidenteak.
Zapatuan lortutako emaitza onari esker 42 puntugaz lehen sailkatuak dira; Elorrio A bigarren sailkatuak puntu berekin. Bi puntu aurretik lider zegoen Getxok partidua galdu zuen, eta horri esker aurrea hartu diote sailkapen taulan atzean zeuden bi taldeek. “Ezustean lider ipini gara. Ordura arte lider zihoan Getxok azken-bigarren doan Indautxuren aurka 3-5 galdu zuen”.
Talde ondarrutarrak partidu ona lortu zuen Dinamo San Juanen aurka. Jon Iñaki Mendizabalen eta Jon Lejardiren golei esker, poltsikoratu zituzten jokoan zeuden hiru puntuak . “Aurrerak oso ondo jokatu zuen, eta denak ondo irten zigun. Garaipen justua izan zen”.
Ibon Lopezen mutilek nahikoa erraz irabazi zuten; hasieratik partidua menderatzen hasi ziren. Lehenengo zatian gol aukera bat edo beste eduki bazuten ere, ez zuten aurkariaren atea zulatzea eduki. “Batez ere, aurkariak nekatu genituen”. Atsedenaldiaren ostean, berdeguneko jaun eta jabe bihurtu ziren. Euren jokoa egiteko aukera bikaina eduki eta partidua erabat menderatu zuten. Azkenean, 65. minutuan sartu zuen partiduko lehen gola Mendizabalek. Eta Lejardik lau minutu beranduago sartu zuen partiduko azken gola.
Konfiantzaz beteta ekingo diote hurrengo jardunaldiari. “Jokalariak motibatuta eta ilusionatuta daude”. Hurrengo zapatuan [otsailak 29] Bilboko Indautxu taldea izango dute aurkari. Bilbotarrak sailkapen taulako azken-bigarrenak dira, baina kontuz ibiltzeko aurkaria direla azpimarratu dute. “Asteburuan liderrari irabazteko gai izan dira. Mailari eusteko nahiagaz borrokan ari dira, eta alde horretatik ez da partidu erraza izango. Lidergoari eutsi nahi baldin badiogu gure onena ematera irten beharko dugu”.
19:30ean hasiko da partidua Bilboko Iparralde zelaian. “Ea jendea etortzera animatzen den. Kanpoan jokatu ditugun azken partiduetan nahikoa zale etorri dira. Ea Bilbora ere jendeak etortzea posible duen; zaletuen babesa garrantzitsua izango da”.