Maddalen Iriarte: "Herri libre bat eraikitzera goaz"
Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkidea eta Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako EH Bilduren lehendakarigaia Ondarroan egon da Bilgune berriaren inaugurazio ekitaldian.
Domekan [otsailak 23] inauguratu zuten ofizialki Ondarroako EH Bilduk hurrengo apirilaren 5eko hauteskundeetara begira zabaldu duen Bilgunea, eta irekiera ekitaldia aprobetxatuta, Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkidea eta Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako EH Bilduren lehendakarigaia bertan egon zen alderdiak esku artean dituen proiektuak Alde Zaharrera hurreratu zirenekin elkarbanatu eta ekarpenak jasotzeko. “Ohore bat da Bilgune honen inauguraziora gonbidatu izana. Zabalik utzi Bilgune honen ateak eta leihoak barruan egiten ditugun hausnarketak kanpora atera daitezen, eta zabalik utzi kanpoan egiten dituzuen hausnarketak guk ere barruan jaso ahal izateko”.
Zaldibarko zabortegiaren luizian desagertutako bi langileak gogoratuz hasi zuen berbaldia.”Beraiei eta beraien familiartekoei gure elkartasuna, gure beroa eta gure maitasuna helarazi nahi nieke. Eta jakin dezatela EH Bilduren aldetik behar duten laguntza guztia izango dutela momentuoro”.
Zaldibarko hondamendian desagertutako bi langileak aipatzeaz gain, aurten hil diren langileak ere gogoan eduki zituen. “Ez nituke ahaztu nahi 2020. urte honetan, urteak bi hilabete baino gehiago ez dituen honetan, Euskal Herrian hil diren hamabi langileak. Izugarria da. Ez da posible lanera joatea, eta etxera ez itzultzea. Ezin dugu onartu. Horretarako gauzak asko eta sakonetik aldatu behar ditugu. EH Bildu prest dago aldaketa sakon hori burutzeko, eta aldaketa sakon horrek behar duen lidertza aurrera eramateko”.
Lehendakarigai izateko erronka zergatik onartu duen ere azaldu zuen. “Jende zintzoa, jende langilea, jende jakintsua, maitatu nauen jendea, lagundu nauen jendea aurkitu du EH Bildun, eta hori izugarrizko altxorra da. Horregatik dakit guztion artean herri honen lidertza hartu genezakela eta herri hau hobea izan daitekeela”.
Nabarmendu zuenez, herritarrentzat eta herritarrekin ariko den gobernu baten premia du Euskal Herriak. “Herritarrak aintzat hartuko dituen gobernua behar dugu, arduraz jokatuko duena, herritarrentzat erantzunak izango dituena, autokonplazentzian jausi gabe eta gauzak biharko utzi gabe. Herritarrentzako jardun dezala, eta ez ezkutuko beste interes batzuetarako. Herri bat eraikitzera goaz, herri libre bat eraikitzera goaz. Ez ahaztu: gurea askatasuna da”.
Gogorarazi zuenez, elkarbizitzaren eta bakearen bidea elkarrekin jorratu beharra dago. “Sinistu ezazue zuotako bakoitza dela oso garrantzitsua EH Bilduk hemendik eta apirilaren 5era egin behar duen bide horretan. Gutako bakoitza da garrantzitsua”.
Lehendakarigaiaren berbak gustura entzun zituzten Alde Zaharrera gerturatu zirenek. Eta haren berbak entzun ostean, Bilgune barruan batu zirenek mokadutxo bat edo beste jan eta eztarriak bustitzen. Kantuan ere ibili ziren herritarrak, tartean, Iriarte bera.
Posta bidezko bozka egin ahal izateko aukera zabalik dagoela gogorarazi dute Bilguneko ardunedunek. Astelehenetik barikura 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara zabalik egongo da horretarako aukera. Eta zapatuetan, 12:00etatik 14:00etara.