Ondarroako pentsiodunek bi urte bete dituzte Alamedan borrokan
Bi urte bete dira Ondarroako pentsiodunak Alamedan batzen hasi zirenetik. Hala, gaurko elkarretaratzea oraindik ere era bereziagoan ospatu dute; hainbat kantu herrikoi abesten ibili dira.
2018aren hasieran zenbait hiriburutan hasi zen pentsiodunen mugimenduari jarraituz, Ondarroako Alamedan ere astelehenero batzen hasi ziren. 2018ko otsailaren 26an batu ziren estreinako Alamedan, eta ordutik hona astelehenero euren eskubideen alde borrokan egiteko elkarretaratzeak egiten jarraitu dute. Ospatzeko gutxi dagoen arren, gaurko agerraldia [otsailak 24] bi urtez tinko dirautela aldarrikatzeko ospakizuna izan dela agertu dute; gaurkoa modu bereziagoan egin dute. Herrian kantuzaletasunak indar handia duela kontuan hartuta, kantuan ospatu dute bigarren urteurrena.
Pankarta 12:00ak puntuan zabaldu dute, eta orduan Kantaize abesbatzako kideak pankarta parean batu, eta hainbat kantu herrikoi abestu dituzte. Kantuetako batzuei, gainera, hitzak moldatu egin dizkiete euren aldarrikapenei egokitzeko.
Elkarretaratzeak 20 minutu iraun ditu, eta ostean Ondarroako Pentsionistak Martxan elkarteko bozeramaileak hartu du hitza. Esan duenez, bi urte igaro badira ere, hasierako aldarrikapanei eusten diete. Are gehiago, horiek lortu arte borrokatuko dutela nabarmendu dute. Gaineratu duenez, bizitza duina edukitzeko beharrezko baldintzak betetzea garrantzitsua da. “Hemen gaude, eta hemen jarraituko dugu. Jo ta ke, lortu arte!”
Era berean, eskerrak eman nahi izan dizkie abeslariei, eta baita astero-astero Alamedan batzen diren ia 300 pentsiodunei. Gaurkoan, esaterako, normalean baino jende gehiago batu dela nabarmendu dute. Zunbeltz Bedialauneta alkateari eta Eneritz Basurko alkateordeari ere aipamen berezia egin diete, astero erakusten duten babesagatik.
Ondarroan ez eze, Euskal Herriko beste hainbat txokotan ere mobilizazioak egin dituzte. Horien artean, Lekeition.