Leartikerrek Circularseas proiektua aurkeztuko du
Proiektuaren helburua Itsasotik lortutako plastiko hondarrak berrerabiltzeko estrategiak bilatzea dela azaldu dute. Aurkezpena eguenean egingo da Ondarroako Kofradia Zaharrean.
Markina-Xemeingo Leartiker zentro teknologikoak Circularseas izeneko proiektu europarra aurkeztuko du eguenean [otsailak 27], 10:00etan, Ondarroako Kofradia zaharrean. Itsasotik lortutako plastiko hondarrak berrerabiltzeko estrategiak bilatzea du helburu proiektuak, eta 3 urteko iraupena izango du.
Proiektua Leartikerrek burutzen badu ere, Lea-Artibai eskualdearen garapenean lan egiten duen Azaro Fundazioak ere parte hartzen du Circularseas-en. Azaro Fundazioak Nodo bat sortu du Ondarroan, eta diagnosi bat egiten ari da. Hau da, hondakin plastikoen mapa eta bereizgarriak ezagutu eta sortutako hondakin horien kudeaketa egiteko bideak zehaztu eta birziklatutako plastikoetatik edota naturalagoak diren materialetatik (bio) garatu ahal izango ziren produktku berdeak zehazten ari da, gero, 3D teknologiaren bidez inprimatu ahal izateko.
Ondarroako Nodoaren ordezkariek (arrantza sektoreko enpresak) eta arrantza sektoreko Administrazio Publikoko agintariak eta ordezkariak parte hartuko dute aurkezpenean. Aurreratu dutenez, Leandro Azkue Mugica Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikultura Zuzendariak parte hartuko du.
“Leartiker eta Azaro Fundazioarekin batera Europako herrialdeetako beste bazkide batzuk ere parte hartzen duten proiektu hau Interreg Atlantic Area programaren bitartez Eskualde Garapenerako Europako Funtsarekin batera finantzatuta dago”, azaldu dute. Universite de la Rochelle eta Communaute d’Agglomeration de La Rochelle (Frantzia), Universidad de Vigo (Galizia), University of Plymouth (Britainia Handia), Cork Institute of Technology (Irlanda) eta Instituto Politecnico de Leiria (Portugal) dira proiektuko beste kideak.