Ondarrutar Naturala! lehiaketan parte hartzeko epea zabaldu dute
Bikoteka parte hartu beharko da lehiaketan, eta 1.000 euro banatuko dituzte sarietan.
Ondarroako Udal Euskara Batzordeak Ondarrutar Naturala! lehiaketa antolatu du. Bezperan Antxoa Eguna dela baliatuz maiatzaren 17an egingo dute jolasa. Azpimarratu dutenez, zabalik dago izen ematea.
Binaka parte hartu beharko da lehiaketan, eta nahitaez heldu bat egon beharko da bikotean. “Pertsona heldu bat eta gazte bat edo bi heldu batera egon daitezke”. Kanporaketaren sistemarekin egingo da lehiaketa, azken txanpan bikote bat irabazle gertatu arte. Ondo pasatzeaz gain, 1.000 euro banatuko dituzte sarietan.
Izena emateko hiru aukera daude: udaletxeko euskara sailean, mrey@ondarroa.eus posta elektronikoaren eta 94-683 36 68 telefonoaren bitartez, Turismo Bulegoan edo 94-683 19 51 telefonoan eta Zaldupe eta Zubi Zahar ikastetxeetan.
Ondo pasatzeko, dakiguna ez ahazteko eta hizkuntzaren eta kulturaren transmisioak duen garrantziaz ohartarazteko aukera emango du lehiaketak. “Ondarroako tribial baten antzera, galdera-erantzunetan oinarritzen da jolasa”, aurreratu Arantza Atxurra Aranguren Euskara ziengotziak. Parte hartzeko Ondarroako gauzak jakitea baino besterik ez da behar: herriko istorioak, herritik kanpo ere ospea izan duten pertsonak ezagutu, gertaerak, esaerak, toki-izenak, joko-izenak, bitxikeriak, hitzen esanahiak…