Errigoraren udaberriko produktuak martxoaren 12ra arte eskatu ahal dira
Eguenean hasita [otsailak 27], oliba olio birjina estraren barietatea aukeratu eta pasta ekologikoa eskatu ahalko da aurtengo udaberriko kanpainan. Eskaerak ohiko lekuetan edo Internetez egin daitezke.
Zazpigarren urtez jarraian, martxan dago Errigoraren Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpaina. Aurten Gure hautuez harro leloa jarri diote kanpainari, eta eskaerak bihartik martxoaren 12ra arte tokian tokiko guneetan edo Internetez egin ahalko direla iragarri dute.
Behin eskaerak eginda, oliba olioa apirilean jasoko dute eskatzaileek, eta kontserbak, arrozak eta pastak, berriz, maiatzean eskuratuko dituzte. “Aukeratutako gunearen arabera, zehaztutako egutegi eta ordutegian banatuko ditugu saskiak”, jakinarazi zuten atzo Gernika-Lumon Errigorako arduradunek.
Eskaerak eskuorri bidez egiterakoan, ordainketa eskudirutan egin beharko dela adierazi dute, “zehaztutako egun eta lekuan”. Eskaera internetez egiterakoan, berriz, udazkeneko kanpainan legez, txartelagaz ordaindu ahalko dela jakinarazi dute arduradunek. Halaber, bi epetan ordaindu ahalko dela gehitu dute: “Eskaera martxoan egitean, oliba-olioa baino ez dugu kobratuko. Kontserben, arrozen eta pastaren ordainketa maiatzean egingo dugu. Hori horrela, herritar askori ordainketa errazteko apustua egin dugula uste dugu, jendeak kantitate handiak eskatzen ditu-eta”.
Olio barietatea aukeran. Aurten 16 ekoizlek hartu dute parte: 5 olio errotak, 9 kontserba etxek eta arroz ekoizle eta pastagile banak. Hala, urtez urte kontsumitzaileen eta ekoizleen familia “haziz” doala diote. Nafarroa hegoaldeko oliba olio birjina estra (5 litroko bidoietan) eta kontserba sortak (12 ontzi produktu bakoitzeko) daude aukeran udaberrian, produktu ekologiko eta ez ekologikoak.
Oraingoan, baina, olioen barietatea ere aukeratu ahalko dela aurreratu dute Errigorako arduradunek: “Pikual, Enpeltre, Arbekina edota Arroitz ekoizleen oliba olioak aukeratu ahalko dira, denak Nafarroa hegoaldean ekoitziak”. Pikual eta Enpeltre ez dira ekologikoak, eta Arroitz bai; Arbekina olioak, berriz, produktu ekologiko eta ez ekologikoak ditu.
Kontserbei dagokienez, 14 produktu daude aukeran. Arten krema ekologikoak bakarrik egongo dira, ekoizleak horiek bakarrik ekoizteko hautua hartu baitu.
Aurtengo beste berrikuntzetako bat, pasta ekologikoa da. Pasta Martinello Mikrokooperatibako artisauak batu dira Errigorara, eta gari gogor semola ordezkatu eta Nafarroako gari samur irinezko conchiglie eta maccheroniak, eta Argedasgo arroz-irinezko ditaliniak ekoitzi dituzte. Pasta ekologikoaren ekoizpena mugatua denez, eskaerak online bakarrik egin ahal izango dira; 400gramoko launa pakete eska daitezke.
Euskarari “puzka”. Udaberriko kanpainan hartutako erabakiez harro daudela erakutsi gura dute Errigorakoek: “Kanpaina gure eguneroko kontsumo ohiturez harro egoteko bide bat da, Nafarroa hegoaldeko berezko produktuekin urte guztirako despentsa betezea proposatzen dugulako. Auzolan-ariketa erraldoi honi esker, ekoizlearen jatorrizko prezioan produktuok norbere herrian jasotzeko aukera ematen dugu”.
Euskal herria oinarri eta auzolana lanabes dituen ekimen herritarrak Nafarroa hegoaldea du ardatz, eta euskara ofiziala ez den zonaldean eragin nahi du. Horretarako, eremu horretakoak propio diren elikagaiei Euskal Herrian bidea ematen die, “euskaratik, euskararako eta euskaraz”. Iazko kanpainan, Nafar Hegoaldeko euskara sustatzeko dira batu zuten, saski bakoitzaren balioaren %25egaz euskalgintzari ekarpen ekonomiko garrantzitsua eginez. Guztira, 200.000 euro bideratu zituzten euskararen alde egitera, eta “oso harro” daudela diote. Aurten ere, gauza bera egingo dutela aurreratu dute.
Eskaerak non egin:
– Aulesti: Iluntzar taberna.
– Berriatua: Udaletxean.
– Lekeitio: Lea kafetegia, Azkue ikastola, Lekeitioko AEK eta Galarrena taberna.
– Markina-Xemein: Alarabi denda eta Markina-Xemeingo AEK.
– Ondarroa: Ondarroako AEK eta Zubi Zahar herri ikastola.
– Mutriku: Kalaputxikoei esanda.
– Ziortza-Bolibar: Herriko arduradunei esanda.