Berriatuko III. Nesken Zesta Punta Txapelketaren finalaurrekoak jokatuko dituzte
17:00etan hasiko dira partiduak. Lehenengo umeen kinielak jokatuko dituzte eta ostean, 2.mailako eta 1. mailako finalerdiak.
Berriatuko III. Nesken Zesta Punta Txapelketaren finalaurrekoak jokatuko dituzte Mendibarrenen, zapatuan [otsailak 29], 17:00etatik aurrera.
3. mailako umeen kiniela (25 tantora) jokatuko dute lehenengo, ondoren, 2. mailako finalerdiak eta azkenik, 1. mailakoak. Tartean, gainera, ligaxka jokatu duten pilotari batzuen partidua egongo da. “Txapelketan parte hartu duten bikoteak gonbidatu ditugu. Bestalde, umeek kinielak jokatzea erabaki dugu aurten, eta finalean ere kinielak jokatuko dituzte eta denentzat egongo dira sariak”, adierazi dute Berriatua Zesta Eskolaren ordezkariek.
2. mailan Burne-Erika (Markina-Xemein) eta Helena-Uzuri (Durango/Markina-Xemein) bikoteen artekoa izango da lehenengo, eta ondoren, Aroak eta Oaiak (Tolosa/Mutriku) Lur eta Fridaren (Markina-Xemein/Zumaia) kontra jokatuko dute.
1. mailako lehen finalaurrekoan Naroa-Maddi (Donostia/Markina-Xemein) eta Maite-Arai (Zumaia/Markina-Xemein) bikoteak ariko dira zein baino zein gehiago. Maialen-Naia (Berriatua) eta Ihart -Eneritz (Sopela/Mutriku)bikoteen artekoa izango da beste finalerdia.
Lehen mailako finalaurrekoei dagokioenez, Naroa eta Maddi dira faboritoak, dena irabazita, ligaxkan lehenengo geratu baitira. Maite eta Arairen kontra daukate finalaurrekoa, eta Maite iazko txapelduna da. “Baina parekatuta daude, eta edozeinek irabazi lezake. Bi bikoteak urrian Espainiako txapelketa lehiatu zuten eta Maite eta Araik irabazi zuten”, azaldu dute antolatzaileek.
2. mailan, ez dago faborito argirik, baina Burne eta Erika erraz irabazten aritu dira ligaxkan, eta beraz, finalerako txartela eskuaratzeko aukera daukate. Halaber, Aroa-Oaia lehen geratu ziren ligaxkaren euren multzoan.
Finalak. Zapatuan erabakiko dira, beraz, martxoaren 7an finalak lehiatuko dituzten bikoteak. Ligaxkaren jardunaldietan modura, asteburu honetan zein hurrengoan herritarrak frontoira hurbiltzea espero dute antolatzaileek.