Finalaurrekoetan sartuko da EHko Zesta-Punta Txapelketa
Zumaia, Mutriku, Berriatua eta Lekeitioko frontoietan neurtuko dira bikoteak. Zapatuan [otsailak 29] edo domekan [martxoak 1] dituzte norgehiagokak bertoko puntistek.
Azken txanpan sartu da Euskal Herriko Zesta-Punta Txapelketa. Asteburu honetan finalaurrekoak jokatuko dituzte kategoria guztietako puntistek, eta hurrengoan erabakiko da txapelketa. Aurten ere, finalaurrekoetaraino ailegatu dira Lea-Artibai eta Mutrikuko puntistak, eta finalean egoteko ahalegina egingo dute.
Zumaiako frontoian jokatuko dituzte finalaurrekoak kadeteek. Domekan [martxoak 1] dute hitzordua bertan, 11:30ean. Lehenengo partida Kostakoak eta Luzean taldeen artekoa izango da, eta bigarrenean Zumaia A eta Berriatua A (Arrasate-Patxi)neurtuko dira.
Beste hiru mailetako finalaurrekoak Lea-Artibai eta Mutrikuko frontoietan jarraitu ahalko dira. Horrela, gazteen mailako finalaurrekoak zapatuan [otsailak 29] jokatuko dira 17:00etan, Mutrikuko frontoian. Alde batetik, Danok Bat (Manex-Alain) eta Markina A (Zelaia-Atain) aurkituko dira aurrez aurre, eta bestetik, Gernika Jai Alai (Eneko Arandia-Oier Diaz) eta Donosti.
Nagusiek Berriatuan jokatuko dute, domekan, 11:00etan. Berriatua (Unax-Jon) eta Zumaia A kluben arteko lehia egongo da lehenengo, eta Olarroa eta Zumaia B klubetako bikoteen artekoa, ondoren.
Ohorezko Mailako pilotariek, berriz, Lekeitioko Santi Brouard frontoian jokatuko dute zapatuan 17:00etan. Berriatua (Antxon-Lekue) eta Luzean ariko dira lehenengo zein baino zein gehiago, eta Kostakoak eta Markina-Xemeingo (Arbe-Mandiola) bikoteak ondoren.
Finalaurrekoak gainditu eta aurrera egitea lortzen duten bikoteek hurrengo asteburuan izango dituzte finalak. Barikuan erabakiko dira nagusien mailako eta ohorezko mailakoak, 19:00etan Markina-Xemeingo Uni frontoian. Kadete eta gazte mailakoak, berriz, zapatuan jokatuko dira, 11:30ean, Donostian.