Lea Artibai Amankomunazgoak gizarte larrialdietarako laguntzak eskatzeko epea zabaldu du
Eskaerak egiteko udal ezberdinetako gizarte zerbitzuetara hurbildu behar dute interesdunek. Oinarrizko gastuei aurre egitera bideratuko dira laguntzak.
Lea Artibai Amankomunazgoak oinarrizko gastu zehatz batzuei aurre egiteko diru laguntzak emango dizkie baliabide ekonomiko nahikorik ez duten pertsonei, gizarte bazterketako egoerak saihesteko edo leuntzeko. Gizarte Larrialdietarako laguntza horiei buruz informatu eta eskaerak egiteko udaletako gizarte zerbitzuetara jo behar da. Eskaerak egiteko epea zabalik dago.
Jakitera eman dutenez, alokairu gastuak, energia gastuak, linea zuriko etxe-tresna elektrikoen eta altzarien gastuak, etxebizitza konpontzeko, egokitzeko edo oinarrizko instalazioak egiteko gastuak, ohiko etxebizitza mantentzeko beharrezkoak diren gastuak, jantziak, hezkuntza, elikagai, prestakuntza eta osasun-arretak sortutako gastuak, “beti ere sistema publikoak ez badituzte estaltzen” eta aurretiaz egindako zorpetxe gastuei aurre egiteko bideratuko dituzte laguntzak. Eskaerak, dena dela, kasuz kasu baloratuko dituzte gizarte zerbitzuetako profesionalek.
Datuak. Amankomunazgotik zehaztu dutenez, 2019. urtean, Lea Artibai Amankomunazgoa osatzen duten udalerrietan, 309.814,46 euro bideratu ziren gizarte larrialdietara, 2018an 294.885,46 euro izan ziren, eta 2017an, 247.221,75 euro. “229 pertsona izan dira laguntza horren onuradunak 2019an, 2018an 236 onuradun egon ziren, eta 2017 urtean 203 onuradun”.
Onuradunen profilari dagokionez, %52 emakumeak direla gaineratu dute, eta %48 gizonezkoak. “%53k ez dute seme alabarik euren ardurapean eta %47k bai”.
Bestalde, Ondarroa izan da onuradun gehien izan dituen herria, guztira 82 pertsona. Markina-Xemeingo 63 bizilagunek jaso zuten laguntza, Lekeition 50 lagunek, Etxebarrian eta Berriatuan hamalauk, Ispasterren bostek eta Ziortza-Bolibarren batek.
Amangomunazgoko arduradunek argitu dutenez, 2020. urteko aurrekontuetan 2019ko diru kopuru berdina aurreikusten da laguntza horietarako. Hala ere, udalek, premien arabera, diru kopuru hori handitzeko konpromisoa hartzen dutela aipatu dute.