Mateos-Abad eta Barruetabeña ahizpak, Mutrikuko Emakumezkoen Binakako I. Pala Txapelketaren finalean
Finala martxoaren 8an arratsaldean jokatuko dute Miruaitz frontoian. Aurretik hirugarren eta laugarren postuak argitzeko partidua jokatuko da.
Mutrikuko Emakumeen Pala Txapelketa, finalistak. Argazkia: Mutrikuko Neskak Palistak Mutrikuko Emakumezkoen Binakako I. Pala Txapelketa bukaerara ailegatzen ari da. Antolatzaileek adierazi dutenez, martxoaren 8an jokatuko dute final handia Miruaitz frontoian. Atzo [otsailak 26] gauean jokatu zituzten finalaurrekoak, eta erabakita geratu dira finalistak: Yolanda Mateos eta Nahia Abad elgoibartarren aurka jokatuko dute Iratxe eta Maite Barruetabeña ahizpa mutrikuarrek.
Iragarri dutenez, final oso lehiatua izango da, baina aurretik, hirugarren eta laugarren postuak norentzat izango den argitzeko partidua jokatuko da. 16:00etan hasita Leire Fernandez ondarrutarraren eta Leire Elezgarai mutrikuarraren aurka jokatu beharko dute Iratxe Astigarraga eta Monika Salegi debarrek. “Horren ondoren, final handiarekin hasiko gara”.
Atzo gauean jokatutako bi finalerdiei dagokienez, kantxaratzen lehenak Yolanda Mateos -Nahia Abad eta Leire Fernandez-Leire Fernandez izan ziren. 20:30ean hasi zen norgehiagoka, eta azkenean, Mateos eta Abad elgoibartarrek irabazi zuten lehia, 22-11 aldeko markargailuarekin. 21:00etan, berriz, Iratxe eta Maite Barruetabeñaren aurka jokatu zuten Iratxe Astigarragak eta Monika Salegik. 22-13 irabazi zuten Barruetabeña ahizpek.