Saia Goait talde mutrikuarrak 'Sushi' abestiaren bideoklipa estreinatu du
Bideoklipa gaur [otsailak 27] argitaratu dute. Esan dutenez, oraingoan taldearen izen bera daraman diskoko "abesti kuttunena" aukeratu dute bideoklipa egiteko.
Saia Goait musika talde mutrikuarrak Sushi abestiaren bideoklipa argitaratu du gaur [otsailak 27] goizean. Aritz Larrea Arrizabalagak eta Eneko Elezgarai Urkizak zuzendu dute lana, eta grabaketa Ondarroako Portuko Ranpan egin zuten, urtarrilean.
Taldeak irailean, Mutrikuko Galbaixo Jaietan aurkeztu zuen taldearen izen bera daraman diskoa. Azaroan Abiadan abestiaren bideoklipa estreinatu zuten; lehenengo bideoklip hori Eneko Elezgaraik zuzendu zuen. Orain, zer edo zer berria aurkezteko gogotsu zeudela eta, bigarren bideoklipa aurkeztu dute. “Bigarren bideoklipa egiteko guretzat diskoko abesti kuttunena izan dena aukeratu dugu”, gaineratu dute.
Albistea emateaz batera, taldeak esker oneko hitzak ere eduki ditu. “Esker bereziak luzatu nahi genizkieke bai publikoari eta baita komunikabide desberdinei, sei hilabete hauetan diskoak eduki zuen harrera eta babesagatik”. Izan ere, taldearen lehen diskoak harrera ezin hobea eduki du. Arrakasta horren adibide da hain zuzen ere urtarrilerako diskoaren kopia guztiak saldu izana. Horrez gain, Zaratamondosonoro aldizkariak ere Euskal Herrian 2019an egindako hamar debut disko onenen artean kokatu zuen talde mutrikuarraren lana. Proposamenen artean, zehatz esanda, seigarren postuan sartu zuten.
Gainera, bigarren lanerako abesti berriak ere sortzen hasita daudela aurreratu dute. Gogorarazi dute, baita ere, taldearen abesti guztiak plataforma digital ezagunenetan entzungai daudela. “Abesti guztiak eskuratu nahi dituztenek Bandcamp webgunean ere aurkitu ahal dute material guztia”.
HURRENGO KONTZERTUAK (Sushi Tour):
- Otsailak 28: Iruñea (Infernu Taberna), 21:00etan.
- Apirilak 3: Suhuskune (Buru Beltz fest)
- Apirilak 18: Laudio (Orbeko etxea)
- Maiatzak 2: Berriatua
- Maiatzak 8: Oñati