Indarrak batzera deitu du Ondarroako Apustu etxeen aurkako plataformak
Taldeak epe motzera eta luzera begirako helburuak finkatuta ditu. Herritar guztiei taldera gehitzeko edota ekintzetan parte hartzeko gonbitea luzatu diete.
Ondarroako Apustu etxeen aurkako plataformako kideek taldera gehitzeko edota taldeak antolatzen dituen ekintzetan parte hartzeko gonbitea egin diete herritar guztiei. Dei hori atzo [otsailak 28] Ondarroako Kofradia Zaharrean egindako aurkezpenean egin zuten. Aurkezpenean 50 herritar inguru batu ziren, gazteak gehienak.
Taldeko kideek azaldu zutenez, plataforma herrian apustu etxea zabaldu zutenean sortu zuten iazko udan, inertziaz. “Hamabost lagun inguru batu ginen eta apustu etxeak suposatzen duen arazoaz kontzientzia pizteko ekintzak egiten hasi ginen. Hasiera batean ekintza isolatuak egiten hasi ginen, baina, orain, herritar guztiei taldera gehitzeko gonbitea egin nahi diegu, indarrak batzeko”.
Apustu etxeen aurka egiteaz gain, tabernetan eta bestelako establezimenduetan jokorako dauden makinen aurka egitea ere bada euren helburua. “Epe motzera eta luzera begirako helburuak ditugu. Tabernetan makinen kontra egitea, adibidez, epe luzera begirako erronka bat da. Baina helburu horiek guztiak lortzeko, herritar gehiagoren babesa eta inplikazioa beharrezkoa da; indar gehiago behar dugu”.
Hasiera batean inolako antolamendu barik aritu baziren ere, gerora, plataformaren helburuak lortzeko lanketa bat egitea pentsatu zutela azaldu zuten. Horrela, ekintzen egutegi bat finkatzea erabaki zuten, urtarriletik martxora bitartean. “Orain arte egindako ekintzen bidez arazoaren dimentsioa noraino ailegatzen den erakutsi nahi izan dugu, kontzientzia piztu”. Egutegiari jarraituta, martxoan bi ekintza egingo dituzte: Martxoaren 7an Jon Anton ludopatia osatzen laguntzen duen Ekintza Aluviz talde bizkaitarreko kidearen hitzaldia egongo da, eta martxoaren 21erako apustu etxeen eta makinen kontrako egun osoko egitaraua prestatuko dute.
Taldera gehitzeko gonbitea egiteaz batera, plataformako kideek gogorarazi zuten barikuro gaztetxean batzen direla, 17:30ean. “Bileretan ezin baduzue parte hartu edo ez baduzue nahi etorri, behintzat antolatzen ditugun ekintzetan parte hartzeko eskatzen dizuegu”.
Atxikimenduak batzen. Indarrak batzeko bidean, herriko eragileei plataformaren helburuei atxikimendua emateko informazio orria helarazi dietela ere gaineratu zuten. “Gutxinaka bagoaz atxikimenduak jasotzen”. Udalari ere apustu etxeen aurkako mozioa aurkeztu zioten, eta Udalbatza osatzen duten bi alderdiek aho batez onartu zuten. “Hori beste lorpen bat izan da”.
Datuak. Mahairatu zutenez, gero eta gehiago dira jokoan parte hartzen dutenak. “Datuak kezkagarriak dira”. Bizkai, Gipuzkoa eta Arabako hiru gaztetik bat noiz edo noiz apustu etxe batean egon izan da. Eta apustu etxeetara joaten diren hiru gazteetatik batek etorkizunean ludopatia gaixotasuna garatzen duela azaldu zuten. “Apustu etxeetan edota apustu makinetan aritzen direnen %66 30 urtetik beherakoak dira. 2017an, gainera, apustuetan 30 milioi euro inbertitu ziren, 2012an baino %113 gehiago. Eta datuak gorantz doaz”.