Ziortza-Bolibarko ospakizunekin amaitu dira Lea-Artibaiko inauteriak
Urtero egin modura, mozorroak izan dira gaur [otsailak 29] protagonista Ziortza-Bolibarren. Maskara tailerra, txitxiburduntzi eta nagusien afaria izan dira eguneko ekintzak.
Lea-Artibaiko gainerako herrietan inauteriak atzean laga dituzten bitartean, Ziortza-Bolibarren gaur [otsailak 29] ospatu dituzte, bigarren zapatuan, urtero legez. Ziortza-bolibartarrak izan dira, beraz, eskualde mailan mozorroak kendu eta inauteriak datorren urtera arte agurtu dituzten azkenak. Markola guraso elkarteak antolatuta, herritarrak frontoian batuta egin dute ospakizuna.
Zirkua eta zirkuko protagonistak izan dira nagusi Ziortza-Bolibarren. Hala, Kanpape taberna ere zirku modura egon da apainduta. Herritarrak frontoian batzen ziren bitartean, herriko txiki eta gazteek maskara tailerrean parte hartu dute, frontoian baita ere; maskara koloretsuak egin dituzte.
Tarteka aurpegiak margotzen ere ari ziren, bai eta frontoian pilotan jokatzen ere. Talde argazkia atera eta gero, txitxiburduntzia egin dute. Musikagaz girotuta, arratsalde euritsuari aurpegi ona jarri diote herritarrek.
Lagunarteko giroa izan da nagusi, eta txikiek, gazteek zein helduek ondo pasatu dute. Eguneko ekintzak gauean nagusiek egin duten inauterietako afariagaz amaitu dira.