Ekitaldi hunkigarrian gorazarre egin diote Ziortza-Bolibarren Hugo Chavezi
Mario Isea Bohorquez Venezuelako enbaxadorea ekitaldian egon da, eta Chavezek justiziaren alde egin zuen lana eta ekarpenak gogoratu eta goraipatu ditu; "Simon Bolibarrek herrien arteko batasuna lortzeko egindako lanari jarraipena eman zion Chavezek".
“Herriarekiko maitasunagatik, nire bizitza osoa emango dut, bere azken segundoraino, demokrazioaren eta giza eskubideen errespetuaren aldeko borrokan”. 2008. urtean Hugo Chavez Venezuelako presidenteak egindako adierazpenak dira horiek, eta horiekin berbekin hasi du gaur [martxoak 7] Alberto Garro Ziortza-Bolibarko alkateak bere agerraldia. Chavezen heriotza gogoratu du: “2013ko martxoaren 5ean joan zitzaigun ‘betiko bizitzara’ edo hilezkortasunera. Hala ere, haren heriotza ospatu zutenak erratu egin ziren. Izan ere, Chavez inoiz ere hiltzen ez den hildakoa dugu, eta berak utzi ziguna sekula baino indartsuago ikusten dugu gure begien aurrean. Esan beharra daukat egun hori nire bizitzako tristeenetakoa izan zela”.
Garrok gogoratu du 1998an Chavezek hauteskundeak irabazi zituela. Eta herri bat jaso zuela, apurtuta zegoena, pobre eta aberatsen artean zatituta zegoena, zauritutako herria… “Oligarkia eta alderdi zehatz batzuek (Accion democratica, COPEI…) ziur zeuden segituan aterako zutela boteretik. Venezuelako oligarkiak ez zuen atsedenerako segundo bat bera ere hartu: estatu kolpeak, magnizidio saiakerak, petroleren lanuzteak, gerra ekonomikoa…”. Saiakerak saiakera, herritaren babesagaz, Chavez indartuz eta herria aldatuz aritu zela aipatu du. Beste kide batzuekin batera, CELAC instituzio latinoamerikarraren sortzaile izatera iritsi zela gogorarazi du Garrok, Latinoamerika Bake Lurralde izendatzera heldu arte.
Gonbidatu oso berezia egon da gaurko ekitaldian –orain dela 2 urte ere egon zen– , Mario Isea Bohorquez Venezuelako enbaxadorea. “Guretzako ohore bat da gure artean Venezuelako Errepublika Bolibartarraren ordezkari legala egotea”. Horren harira, gogoratu du duela aste batzuk Antoni Ecarri egon zela bisitan Euskal Herrian, eta Eusko Jaurlaritzak eta EAJk enbaxadore tratua eman ziotela. “Boterea lapurtzeko estrategia hauspotzen du EAJk, eta argi eta garbi esan behar da Ecarri jauna estatu espainiarreko Guaidoren ordezkaria dela, baina ez daukala Venezuelako Errepublika Bolibartarrean kargu publikorik”.
Chavezen ondoan egon zen Isea urte askoan buru-belarri lanean, eta urte horietan guztietan herritarren bizitza hobetzeko presidenteak egin zuen lana gogoratu eta goraipatu du. Simon Bolibar Askatzaileak hasitako bideari jarraitu ziola esan du: “190 urte beteko dira Simon Bolibar desagertu zenetik, baina bere legatuak bizirik dirau, gaur inoiz baino gehiago. Bere irudia zikintzen ahalegindu dira, ikusezin egiten, haren legatua desagerrarazteko: autodeterminazio eskubidea, subiranotasun eskubidea… Errepubliken arteko batasuna lortu nahi zuen, aitortza lortzeko, berdinen arteko harremanak sortzeko. Legatu hori guztia Chavezek hartu zuen”.
Chavez gobernura iritsi zenean, ustez 2 milioi familia zeuden etxerik barik. Zentsoa osatu, eta 2006an, 3 milioi etxebitzitza eraikitzeko plana abiarazi zuen. Inork gutxik pentsatu zuten egin ahalko zenik, gaur gaurkoz, 3,1 milioi eraiki eta banatu dituztela azaldu du Iseak. “Gran mision vivienda Venezuela abiatu zuen, etxebizitza gaia konpontzea estatuaren lana izanik”. Isea Etxebizitzako Banku Nazionaleko presidente izendatu zuen. “Honetan bizitza joango zaigu, edo iraultza”, esan zion Chavezek, familia barik ez dagoela gizarterik eta etxebizitzarik barik ez dagoela familiarik iritzita. Orain dela gutxi entregatu zen 3,1 milioigarren etxebizitza.”Venezuelan ez dago etxe hutsik eta ez dago etxe kanporaketarik. Erdigunea justizia izateko lan egiten dugu. Errekurtso natural asko daude Venezuelan eta Latinoamerikan. Pobrezia gutxitu du Chavezek, 40 unibertsitate eraiki dira Chavez eta Madurogaz, ikasleen matrikulazio kopurua igo da, 1,5 milioi pertsona alfabetizatu dira, gosea erdira murriztu da, Petrokaribe egitasmoa egin dugu, Karibeko herrialderik ahulenak lagundu zituena…”.
Mario Isea: Venezuelan ez dago etxe hutsik eta ez dago etxe kanporaketarik. Erdigunea justizia izateko lan egiten dugu.
Horren guztiaren aurrean, Amerikeko Estatu Batuen erasoa salatu du Iseak. “Ezin dute onartu autodeterminazioan bizitzea, sumiso ez izatea, errekurtso naturalek jendearen gizarteratzea bideratzea, eta horregatik egiten dute gure aurka. Gerra ekonomikoa hasi dute gure aurka, ustez giza eskubideak defendatzeagatik. Gu gara mehatxua munduko herri boteretsuenarentzat? indar nuklear handienarentzat?. Ekonomikoki ito nahi gaituzte, gezurrekin baliatuz, Latinoamerikako hainbat herritan informazioa manipulatzen dute, herritarrek aukeratutako agintariak kentzeko”.
Batasuna guztiaren gainetik. Bolibarren eta Chavezen legatua inoiz baino biziago daukatela esanez amaitu du enbaxadoreak agerraldia. “Ez dugu gerrarik nahi, berdinen arteko interlokuzioak egin nahi ditugu, eskubide hori nahi dugu, ez dugu besterik nahi. Ezin da gizon-emakume handien memoria suntsitu. Bolibarrena, Chavezena… Hil aurretik Chavezek esandako hitzak gogoratu ditu: “Batasuna guztiaren gainetik” Eta laguntzagaz aurrera aterako direla esan du: “Gora Chavez eta Bolibarren legatua”.
Musika, olerki, lore eskaintza eta Venezuelako ereserkiagaz osatu du Ziortza-Bolibarko herriak Chavezi eskainitako omenaldi sentitua. Maitasuna eta elkartasuna helarazi nahi izan dizkiete une gaitz honetan venezuelar errepublika bolibartarra zaindu eta iraun dezan lan egiten duten gizon-emakume guztiei. Museoko goiko aretoa jendez gainezka egon da, tartean zeuden EH Bilduko eskualdeko alkate eta ordezkariak eta zenbait euskal errefuxiaturen senideak. Errefuxiatu baten amak bere aletxoa jarri nahi izan du gaurko ekitaldian, eta askatasunari keinu egiten dion abesti bat kantatu du. Mokaduagaz amaitu da Chavezen heriotzaren 7. urteurreneko omenaldia.