'Mi pequeño gran samurai' filmak Publikoaren Saria eskuratu du Zinegoak jaialdian
Batez beste, 8,6 puntuko balorazioa lortu du jaialdia ikustera hurreratu diren ikusleen artean. Sariak beste hainbat jaialditan parte hartzeko ateak zabalduko dizkiela uste du Arantza Ibarra zuzendari ondarrutarrak.
Arantza Ibarra zinemagile ondarrutarrak zuzendutako Mi pequeño gran samurai film dokumental laburra hasi da lehen sariak jasotzen. Zapatu [martxoak 7] gauean Bilborocken egin zen 17. Zinegoak Gaylestrans Zinema eta Arte Eszenikoen Nazioarteko Jaialdiaren Itxiera Ekitaldian eman zituzten jakitera aurten saritutako lanak, eta ondarrutarraren lanak Publikoaren Film labur Onenaren Saria eskuratu du. Lanak oihartzun handia eduki du publikoaren artean. Batez beste, 8,6 puntuko balorazioa lortu du jaialdia ikustera hurreratu diren ikusleen artean.
Saria jasotzen film laburraren zuzendaria, Izaskun Arandia Izar Filmseko ekoizlea eta Ekai Lersundiren gurasoak egon ziren. Ibarrak nabarmendu duenez, sariak ezustekoan harrapatu zituen. “Bilborocken zegoen jende guztia txaloka eta oihuka hasi zen gure lanaren izena esan orduko. Eta jendeak guk irabaztea nahi zuela konturatu nintzen momentu horretan. Jendea guk irabaztea merezi genuela sentsazio horregaz ikustea ederra izan zen”.
Ana Martinez Ekai Lersundiren ama ere ezustekoan harrapatu zuen publikoaren aitortzak. “Naizen elkartekoon artean ere sekulako albiste ona izan da. Oso pozik gaude. Eskerrak eman nahi genizkieke hau proiektu hau posible egin duten guztiei. Baita Arantza Ibarra eta Izaskun Arandiari berau mamitzearren, eta Zinegoaki ere bai honako aukera hau emateagatik“.
Zuzendariak azpimarratu duenez, lanaren helburua mezua ahalik -eta jende gehienari helaraztea zen, eta saria jasota helburu hori neurri handi batean bete dela dio. “Zinegoaken Publikoaren Sariak sekulako balioa du; hau da lortu genezakeen saririk onena guretzako. Lana publikoak gustuko izan duela jakiteak asko betetzen nau. Ea orain Euskal Herrian eta hemendik kanpora ere jendeari laguntzen eta mezua zabaltzen jarraitzen dugun”.
Sariak, gainera, beste hainbat jaialditan parte hartzeko ateak zabalduko dizkiela uste du zuzendariak. “Sariek, normalean, aukera gehiago ematen dizue. Gero zer izango den, batek daki! Gure asmoa lana ahal den leku gehienetan egotea da”.
Sari legez jasotako 1.000 euroak Naizen elkarteari bideratzeko asmoa agertu dute Ekai Lersundiren gurasoek. Jasotako diploma, gainera, gazte ondarrutarraren senideei eman zien Ibarrak. “Sekulako ilusioa egin zien”. Gurasoek agertu dutenez, saria etxeko leku berezi batean eskegi dute, “Ekairen ondoan”.
Lana Bilbon ikusi ezin izan zutenek horretarako beste hainbat ere edukiko dituzte datozen asteotan Zinegoak Hedapena ekimenari esker. Martxoa eta apirila bitartean 70 proiekzio baino gehiago eskainiko dituzte, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako 60 herritan. Zinegoak jaialdiaren arduradunek jakitera eman dutenez, Mi pequeño gran samurai dokumentala herri gehienetan proiektatuko dute, “LGTBI+ biztanleriaren barruan ematen den suizidioari ikusgarritasun ematen jarraitzeko eta izateko, sentitzeko, maitatzeko eta bizitzeko hamaika modu baino gehiago daudela aldarrikatzen jarraitzeko”.
Zinegoak Hedapenari esker martxoaren 22an, ostera, Markina-Xemeinera ailegatuko da ekimena. 18:30ean hasita Esperantza aretoan proiektatuko dituzten zazpi filmeen artean Mi pequeño gran samurai ikusteko aukera egongo da.