Jesus Mari Arkotxa: "Irratigintzak adrenalina sortarazten dit gehienbat"
Zapaturo kontzertuen eta nazioarteko panorama musikaleko hainbat talderen berri daukate Radixu Irratia konektatzen duten guztiek. Horren gidaritza Jesus Mari Arkotxa musikazale amorratuak darama.
Jesus Mari Arkotxa Idiakez (Ondarroa, 1964) ondarrutarrak 25 urte pasatxo daramatza Radixu Irratiako Terranobako Salau saioan nazioarteko panorama musikalaren errepasoa egiten. Radixu Irratiako irratsaiorik beteranoena ez bada ere, uhinetan jarraian urte gehien daraman saioa da. Metala eta rock gogorra ardatz hartuta, astero bi orduz entzuleak irratsaio ezberdin batera hurbiltzeko aukera dauka.
Irratsaioak noiz ospatu zuen urteurrena?
Urrian bete zituen saioak 25 urte, eta nik espero barik Radixu Irratiako lantaldeak sekulako ezustekoa eman zidan.
Zein?
Hiru metro inguruko pankarta handia eskegi zuten Zubi Zaharretik, eta horrek asko hunkitu ninduen. Urteurrenaren harira, gainera, kontzertua ere antolatu zuten. Handitzen joan zen jai txiki bat izan zen, Portuko Ranpak ere 12 urte betetzen zituen eta.
Nola hasi zen zure harremana Radixu Irratiagaz?
Zurrumurru liburu eta disko denda garai batean Kaleandin zegoen. Musikari buruz era zabalean eztabaidatzeko batzen ginen han zale batzuk. Valentin Zubikarai Zurrumurruko jabeak irratirako balio nuela esan zidan, eta hala hurbildu nintzen Radixu Irratira.
Zelan gogoratzen duzu lehen irratsaioa?
Oso urduri nengoen. Irratsaioa nik bakarrik egin behar nuen, nahiz eta Valentin aurrean neukan edozertan laguntzeko. Egia esan, mikro batek errespetua ematen du, baina gustuko nuen gauza bat egiten ari nintzenez, lasai nengoen alde horretatik. Gehien arduratzen ninduena musika nahi nuen momentuagaz bat etortzea zen.
Lehenengo saio hartan ipini zenuen lehenengo kantua zein zen gogoratzen al zara?
Joe Cockerrek Beatles talde ezagunaren With a Little Help from My Friends bertsioa ipini nuen. Egun berean Staus quo moduko talde ezagunen kantuak ere jarri nituen.
Bakarra izanda, mikrofonoa eta mahaiaren kontrola ere zeuk eduki behar duzu. Zelan moldatzen zara?
Dena egiten ikasi behar izan dut. Eskerrak edozein akats edo arazo dagoenean inprobisatzeko gaitasuna daukadan. Denean modura, gauzak ondo egiten, txarto eginda ikasten duzu. Kanta behar dena arinago ipini, kantuz nahastu, pista amaitu ez… denetatik pasatu zait. Edozein burutazio esaten dut mikrofonotik eta listo, arazoa zer edo zelan konpontzen saiatzen naiz. Okertzen naizenean, egia esan, isiltasuna baino hobeto da edozer txorakeria esatea.
“Irratsaio bakoitza erronka berri bat bihurtzen dela esango nuke gaur gaurkoz”
Urte guzti hauetan hainbat gertaera izango zenituen.
Hona ailegatu, eta aldez aurretik prestatuta nuen programa ez zitzaidan batere ona iruditu, eta goitik behera aldatu behar izan nuen azken momentuan. Bi orduan hamalau eta hamazazpi kantu artean ipintzen ditut. Orduan, baina, zortzi bat kantu aldatu egin behar nituela iruditu zitzaidan. Hamar minutu inguru irauten zuen kantu bat ipini nuen, eta bien bitartean, programa berria zelan egin berregituratzen joan nintzen.
Zer ematen dizu irratigintzak?
Irratigintzak adrenalina sortarazten dit gehienbat. Zapaturo oso gustura egiten dudan gauza bat da. Argi gorria pizten den bakoitzean adrenalina bila joaten naiz; saio bakoitza berezia eta bakarra izaten da eta. Norbere buruari erronka berriak ipintzen dizkiot.
Terranobako salau, izenburu hori nondik dator?
Irratsaioa sortu zen urtean bakalao musika oso modan zegoen, eta izena hortik bururatu zitzaidan. Musika programa bat izateko izen gogorrago bat beharko nuela esan izan didate beti, baina niri oso bitxia iruditu zitzai
Saioa beti zapatuetan egin izan ohi duzu?
Lehen saioak barikuetan egiten nituen, 15:30ean hasita. Baina zapatuan saioa egiten urteak daramat; 17-18 bat urte gutxi gorabehera.
Hainbeste urte daramazu uhinetan; ardura sortzen dizu?
Ez gara esatari profesionalak. Hala eta guztiz ere, gero eta maila altuago eskatzen diogu norbere buruari. Hemen hasi nintzenetik hona asko hobetu dudala esango nuke. Irratsaio bakoitza erronka berri bat bihurtzen dela esango nuke gaur gaurkoz.
“Beste irratietan ipini ezin diren kantu luzeek hemen badute euren lekua”
Musika da egiten duzun irratasioko ildo nagusia. Batez ere rock gogorra eta metala entzuten dira zure saioan.
Rockak eta metalak aldaera ugari dituzte, musika oso zabala da. Eta Interneti esker, munduko beste hainbat txokotako talde ezezagunak edo talde oso txikiak ezagutzeko aukera ere badugu. Adibidez, Mongoliako taldeak euren hizkuntzan ezagutzera eman dira, eta jaialdi ezagunetan ere hasi dira parte hartzen. Musika, bizitza moduan, eboluzionatzen ari da. Baina taldeak ere euren artean lotura eta harreman bereziak edukitzen dituzte.
Zein esaterako?
Adibidez, Bruce Springsteen-ek Tom Morello-ren (Rage Against the machine) kantu batzuk abestu ditu. Musika genero berbera egiten ez badute ere, musikariek bata besteagaz lotuta daude.
Saio honek zer du ona beste batzuekin alderatuta?
Bestelako irrati komertzialek eskaintzen ez dutena eskaintzen dugu irrati libreok. Ez gaude inongo publizidadearen menpe, eta inork ez digu agintzen zer musika ipini behar dugun; geuk aukeratzen ditugu. Beste irrati batzuetan momentu jakin batzuetan ipini ezin diren kantu luzeek hemen badute euren lekua. Hamalau minutu edo bi minutu luzerako kanta ipintzeko aukera dut nire saioan, esate baterako.
Nazioarteko musika asko ipintzen duzu, baina bertoko musika gutxi.
Asko kritikatu izan naute horregatik. Euskal musikari buruzko hainbeste saio daude, eta ni saiatzen naiz beste irratsaio batean aurkituko ez dutena hemen ipintzen. Oso tarteka, bertoko taldeei buruzko irratsaio bereziak egin izan ditut, baina normalean nazioartekoak izaten dira. Horri esker, nazioarteko entzule asko ditut.
Ze herrialdetakoak?
Alemania, Suitza, Italia… hainbat zaletu ditut, eta saio bakoitzaren jarraipena egiten dute.
Interneti esker mundu osoko taldeak ezagutzeko aukera dago orain. Baina garai batean, zelan moldatzen zineten?
Asko entzuten genuen irratia. Umetaz, esaterako, Kaleandiko lokalean irrati asko entzuten genuen. Frantziako irrati batean sintonizatzea lortzen genuen, eta hemen entzuten ez ziren taldeak ezagutu genituen. Frantziako telebistan, gainera, hainbat jaialdi botatzen zituzten, eta telebista katea ikusten zen lagunen baten etxera joaten ginen. Gaur egun ohiturarik ez badago ere, zineman hainbat kontzertu ere ematen zituzten, eta horiek ikustera joateko ohitura genuen. Nazioarteko musika jaialdiei esker ere, bestelako talde asko ezagutzeko aukera eduki dut.
Musikari askoren lanak ipintzen dituzu zure saioan. Gaurkoa azkena balitz, zein aukeratuko zenuke?
Kanadako Triumph taldea aukeratuko nuke. Zehazki 1981ean kaleratu zuten Allied Forces albumeko Ordinary man kantua aukeratuko nuke horretarako.
Zergatik?
Kantuaren hitzak oso gustuko ditut. Gizakiaren eboluzioari buruz berba egiten dute. Diskoak era berezian ukitu ninduen.