Koronabirusa saihesteko neurriek eguneroko jarduna gelditu dute
Irakaskuntza jardun presentziala eteteko neurria Bizkai eta Gipuzkoara ere zabaldu dute. Lea-Artibain eta Mutrikun eraikin publikoak itxi dira, eta ekintza guztiak bertan behera geratu dira.
Eusko Jaurlaritzak nabarmen indartu ditu koronabirusaren hedapena geldiarazteko neurriak. Arabako eta Balmasedako ikastetxeen jarduna eten ostean, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxe guztietan ere irakaskuntza jarduna eteteko agindua eman du. Jaurlaritzaren gomendioei jarraituz, Lea-Artibai eta Mutrikuko udalek eta taldeek ere neurri bereziak hartu dituzte, eta ekintza gehienak bertan behera geratu dira.
OVID-19 birusaren zabalkundea geldiaraztea edo moteltzea da helburua. Nekane Murga Osasun sailburuak esandakoaren arabera, gaurtik hasita irakaskuntza jarduera presentziala hamabost egunez etengo da, printzipioz. Irakasleak eta gainerako langileak, ordea, euren ohiko ordutegian lantokietan egon beharko duela erabaki du Jaurlaritzak. Osasun Sailburuak orain arte hartutako euste neurriek maila guztietako ikasleei eragin die.
Jaurlaritzak ikastetxeetara bideratutako oharra kontuan hartuta, udalek ere neurri bereziak hartu dituzte, «zentzuzkoena» dela iritzita.
Zaharren egoitzak izan ziren neurriak hartu zituzten lehenengoak. Hala, egoiliar bakoitzeko bisitari bakarra onartzen dute, eta bisitak egiteko ordutegiak 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara murriztu zuten. Horrez gain, bisitariei datu pertsonalak hartzen dizkiete egoitzara sartzean.
Herriz herriko neurriak. Ondarroako Udalak, esaterako, erabilera publikoko eraikin publiko guztiak ixtea eta jende multzo handiak saihestea erabaki du. «Neurri horiek Jaurlaritzak kontrakorik esan arte mantenduko dira; gutxienez datozen hamabost egunetan egongo dira indarrean», esan dute udal ordezkariek. Eraikinak ixteko erabakiaz gain, udal eraikinetan egitekoak ziren ekintzak ere bertan behera utzi dituzte, «antolatzailea edozein izanda ere».
Herri Buseko zerbitzua ere mugatzea erabaki dute; zerbitzua 07:50etik 10:00etara egongo da erabilgarri bakarrik, “adineko pertsonek Osasun Zentrora egin beharreko bidaiak egin ahal izateko”. Bidaiarien artean artean, gainera, Jaurlaritzak «gomendatutako segurtasun distantzia» mantendu beharko da. «Herri Busa ere sarriago garbituko da, ez bakarrik eguneko zerbitzua amaitzerakoan».
Bestetik, Ondarroatik Piccassentera (Herrialde Katalanak) bihar egitekoak ziren espetxe martxa ere bertan behera geratu da, «zaintza erdigunean ipini eta komunitatearen ongizatea bermatze aldera».
Aulestiko Udalak ere ekintza guztiak eta udal eraikinak zarratzeko erabakia hartu du; Urzabal guraso elkarteak ere antolatuta zituen ekintzak ez egitea ebatzi du.
Berriatuko Udalak ere ildo beretik jarraitu du. Udal eraikinak ixteaz gain, aurreikusitako ekintzak ez egitea adostu dute.
Markina-Xemeinen eta Mutrikun ere gainerako herrietako protokolo bera jarraituko dute. Hau da, hamar lagun baino gehiago batzea espero diren ekintzak bertan behera geratuko dira. Bestalde, Mutrikuko institutuko ikasleek hilaren 27an Miruaitzen egin behar zuten desfilea ere bertan behera geratu da.
Gainearako herrietan ere, lehenago zein beranduago, neurri berak hartu dituzte udalak. Hau da, ekintzak bertan behera utzi eta eraikin publikoak ixtea ebatzi dute.
Gomendioak
- Eskuak. Eskuak arreta handiz garbitzea, alde guztietatik, atzazkalak barne (kutsapenen %95 pertsonak sintomak dituenean gertatzen dira, eta ez lehenago).
- Eztula egiterakoan. Eztula egiterakoan ahoa besoarekin estali edota erabili eta botatzeko zapiak erabili.
- Objektuen garbiketa. Altzairuak eta abar ondo-ondo garbitu behar dira.
- Sintomak dituztenek. Kutsatuta egon ahal direnek ez dute adinekoekin edo gaixotasun kronikoak dituztenekin harremanetan egon behar. Horrez gain, leku publiko eta jendetsuetan ere ez egotea eskatzen zaie.
Kontsultak egiteko
- Telefono zenbaki berezia. Osasun Sailak koronabirusaren arretarako telefono zenbaki konkretu bat jarri du herritarren eskura: 900 20 30 50. Zalantzak argitzeko zein kontsultak egiteko erabili daiteke telefono zenbaki hori.