Mutrikuko aurrekontua iazkoa baino %3 handiagoa izango da
Udalbatzak 7.214.200 euroko aurrekontuari eman dio onespena. Gerakinaren zenbatekoa hiru alderdien artean erabakiko dute zertan inbertitu.

Mutrikuko Udalak 7.214.200 euroko aurrekontua izango du 2020 urtean herriaren kudeaketarako. Egueneko [martxoak 12] osoko bilkuran eman zioten onespena, eta 2019ko urtekoarekin alderatuta %3,03 igoera izango du aurrekontuak; 218.289,42 euro gehiago izango dituzte ekitaldi berrirako.
Inbertsio errealetara 583.800 euro bideratuko dituzte. Hainbat kontu aurrekontuan jaso badituzte ere, beste hainbat aurrerago egingo dituzte. “Gerakinaren kopuruaren berri zehatza dugunean, ekintza gehiago etorriko dira. Gure nahia da hiru alderdiok batzea, eta aurreko agintaldian egindako lanketak eredu hartuta, antzeko zerbait egitea”. Gerakinaren diru kopurua oraindik zehazterik ez badago ere, kopuru handia izango dela aurreikusten dute (3,1 milioi euro inguru izan daitezke).
Zinegotzientzako dietak ordaintzeko lerroa berreskuratu dute, eta ildo beretik, krisi garaian murriztutako beste zenbait lerro ere diru gehiagorekin hornitu dituzte
Inbertsioen atalaren baitan, besteak beste, udal langileen brigada dagoen lokalaren ordainketa egiteko 50.000 euro bideratuko dituzte, eta beste 10.000 euro brigadarentzako makinaria berria erosteko. Brigadarentzat ibilgailu berria erosteko beste 60.000 euro inbertituko dituzte, eta aurreko astean amaitu zuten Samikolla azpiko malda konpontzeko 145.000 euro. Iriagirreko hormaren jarraipen lanak egiteko 175.000 euro bideratuko dituzte.
Gastuen bigarren kapituluari dagokionez (ondasun arruntak eta zerbitzuak), zinegotzientzako dietak ordaintzeko lerroa berreskuratu nahi izan dute, horiei ere «ordain bat emate aldera». Aurreko bi agintaldietan lerro horretara ezer ez bideratu ondoren, aurten 40.000 euroko diru saila ezartzea erabaki dute. Ildo beretik, krisi garaian murriztutako beste zenbait lerro ere diru gehiagorekin hornitu dituzte kapitulu berean. Eraikin publikoen garbiketara, esate baterako, 60.000 euro gehiago bideratu dituzte; 150.000 euro denetara. Partaidetza ekimenetarako diru saila laukoiztu egin dute; iaz 10.000 euro izan zen, eta aurten, 42.000 eurokoa izango da.
Planteatu diren beste hainbat zerbitzu berri ere aurrekontuaren bigarren kapituluan jaso dituzte. Horien artean, hondakinak kudeatzeko eta kale garbiketa burutzeko Mankomunitateak eskaintzen duen zerbitzuak aurrekontuan pisu handia du; %14,57 denetara (1.051.326,08 euro). Horrez gain, hondartzetako hondakinen garbiketaren gastuetara 24.000 euro bideratuko dituzte.
Aurrekontua adosteak, aurten ere, eztabaida eragin du udal gobernu taldearen eta oposizioaren artean. EH Bilduko zazpi zinegotziak eta B+Iko zinegotzi bakarra aurrekontua onartzearen alde agertu ziren. EAJ bost zinegotziak, berriz, abstenitu egin ziren.