Ekainean hasiko dituzte Berriatuan Artibai arroko ur edangarria gehitzeko lanak
Lanak sei hilabeteko epean egitea aurreikusi dute, eta hiru fasetan banatuta egingo diztuzte. Ponpaketa saiakerek Berriatuko Urepel iturburuari eragin diezaiokete.
Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak jakitera eman duenez, eta orain arte aurreikusitako plangintza betetzen bada, ekainean hasiko dituzte Berriatua B deritzon zundaketa lanak. Madalena auzoan burutuko duten proiektu horregaz Artibai ibaiaren arroan dauden udalerrietako ur edangarria gehitu nahi dute bereziki. Lanak sei hilabeteko epean egitea aurreikusi dute, eta UTE Aquatec/Sondeos Minguez enpresak burutuko ditu. Lanen aurrekontua, berriz, 188.633,12 eurokoa da (BEZ barik). Hori bai, argitu dutenez, Covid-19aren alerta egoerak zer edo zer moldatu ditzake aurreikuspenak.
Gaur egun, ur edangarria hornidura bi sistemaren bitartez egiten da nagusiki Artibai arroan: bata Markina-Xemeingo Iparragirreko Edateko Uren Tratamendutegiaren sistematik eta bestea Ondarroako Gorozika auzoko Edateko Uren Tratamendutegitik. Baina egungo eta etorkizuneko eskaerak kontuan izanda, baliabide defizita egotea aurreikusi dute. Datuen arabera, 22 litro eskuratuko dira segundoko (8 EUT batetik eta 14 bestetik).
Adituek esan dutenez, Artibai ibaia, Kantauri isurialdeko ibai guztiak modura, oso laburra da, eta urtaroaren arabera, emari oso aldakorra dauka. “Hori, eta ura biltzeko urtegirik ez dagoela kontuan hartuta, joan den udako lehorte egoerak eragin ditzake”. Egoera horren aurrean, ur hornidurarako aprobetxagarri diren emariak handitu, eta Artibai arro guztian bermea lortu ahal izateko, egindako ikerketek lurpeko baliabide berriak bilatzeko aholkatzen dute.
Bide horretatik, Iparragirren Sistemarentzat Ibazeta A zundaketa egin zuten 2014an, emaitza positiboagaz. Era berean, 2017an, Berriatuko A zundaketa zulatu zen Gorozika Sistemarako, baina kasu horretan emaitza negatiboagaz. Gorozika sistemaren defizita arintzeko lurpeko baliabide berriak bilatzen jarraitu dute, eta Berriatuan beste zundaketa bat egitea proposatu dute: Berriatua B izenekoa.
Zundaketa berriaren kokapena aukeratzeko, aurrekoetan bezala, Energiaren Euskal Erakundeak 90eko hamarkadan egin zituen meatze zundaketa kanpaina batean oinarritu dira. “Kanpaina hartan Berriatua-8 zeritzon 605 metro sakonerako zundaketan ura atera zen. Kareharri urgoniarrez osaturiko akuiferoan dago ura, eta puntu horretan bere presioagaz lurrazaleraino igotzen zen”. Azpimarratu dutenez, orain egingo duten zundaketa garai hartakoaren ondoan egingo dute.
Obra hiru fasetan banatuta egingo dute. Lehen fasean, ponpaketa ganbera zulatu eta egokitu egingo dute. Zundaketa 315 milimetroko diametroagaz zulatuko da 125 metroko sakoneraraino, “ponpaketa ganberako aurreikusten den sakonerara arte, hain zuzen”. Ponpaketa ganberaren hoditeria eta zementazioa amaitu ondoren, berriz, putzuko burua egokituko dute, zundaketa sortzeko.
Bigarren fasean, aldiz, gainerako zatiaren zulaketa egingo dute. Zulaketak 220 milimetroko diametroa edukiko du, eta ezarritako azken sakonerara iritsi arte egingo dute; 450-500 metro ingurura arte, hain zuzen. Zundaketaren azken sakonerara iritsi ostean, garbitu eta itxi egingo dute.
Azkenik, hirugarren fasean, ponpaketa saiakera edo ekoizpen proba bat egingo dute. Fase horregaz hainbat helburu lortu nahi dituzte: ustiapen emariak zeintzuk diren ezagutu, putzuaren ekipamendua aurreikusi, beste iturburu eta ibai batzuetan izan dezakeen eragina aztertu eta akuiferoaren parametro hidraulikoak definitu, besteak beste. “Zundaketa ontzat emanez gero, emari berria Ondarroako EUTEra eramateko lanak definitiko dituen proiektua idazten hasiko gara. Dagoeneko hasiak gaude trazaketa posibleak aztertzen, lanak ahalik eta azkarren joan daitezen”.
Hori bai, nabarmendu dutenez, zundaketa ontzat eman eta ekipamenduetarako ere ontzat eman ahal izateko, 125 metroko sakoneran 15 litro segundoko emaria eduki behar luke. “Produkzio probak, gutxienez, ponpaketa mailakatu bat, 48-72 orduko ponpaketa luzea eta berreskuratzea edukiko ditu”.
Jakitera eman dutenez, ponpaketa saiakerek Berriatuko Urepel iturburuari eragin diezaiokete. “Saiakera egiterakoan iturburu horren bilakaeraren kontrol sakona egingo dugu. Iturburuaren bilakaera kontrolatzeaz gain, zundaketaren maila dinamikoa, ponpatutako emaria eta ateratako uraren eroankortasuna, tenperatura eta uhertasuna etengabe kontrolatuko dira. Berriatua-8 meatze zundaketaren mailak ere kontrolatuko dira”.