Merkatari eta ostalari elkarteek diote "urduri eta kezkatuta" daudela
Errege Dekretuak bete-betean eragin die merkatariei. Erakunde publikoei laguntzeko eskatzeaz batera, normaltasunera itzultzerakoan herritarrei auzoko denda txikietan erosteko eskatu diete, "bestela komertzio txikiak desagertu egingo dira".
Egun batetik bestera negozioak itxi behar izan dituzte merkatariek. Lekeitioko Kitto, Ondarroako Zatozte, Mutrikuko Bertan eta Markina-Xemeingo Hemen be bai merkatari elkarteek esan dute “urduri eta kezkatuta” daudela.
Aho batez diote ez dakitela egoera hau eusteko eta aurrera egiteko gai izango diren edo ez. “Azken berriek argi utzi dute ez dela hamabost eguneko kontua izango, luzatu egingo dela, ez dakigu noiz arte. Horren aurrean, ez dakigu gure dendek jasango duten edo ez”.
Baina beste errealitate bat ere badagoela diote: beharrezko zerbitzuak eskaini behar dituzten denda txikietako langileen kezkak. “Lanean ari direnek kutsatzeko arriskua dute. Askok ez dute maskararik, eta ezin lortuta gabiltza. Jendeak segurtasun neurriak bete behar dituela gogorarazi nahi dugu. Errespetua eta pazientzia eskatzen dugu”. Horrez gain, behar baino produktu gehiago ez erosteko eskatu diete. “Janari dendak egunero daude zabalik”.
Komertzioak itxita edukitzeak galera ekonomiko handia suposatzen dietela esan dute hiru elkarteek. “Horrek guri eta gure familia osoari ere eragiten dio”. Denboraldi berrirako eskatuta zeukaten materiala ere ordaindu edo bertan behera utzi behar dutela diote. “Jasotako produktu berrien ordainketa nola bideratuko dugu diru-sarrerarik ez badaukagu?”. Horrez gain, langileak kontratatuta dituzten denda batzuk ere badaudela diote, eta egoera ahalik eta ondoen kudeatzeko ahaleginak egiten ari direla gaineratu dute.
Askok ERTE egoeran sartu direla esan dute, baina informazio falta dutela. “Gure sentsazioa da berriro ere autonomoak beste alde batean gelditzen garela. Azkenean, denok gara pertsonak, eta eskubide berak izan beharko genituzke”.
Horren guztiaren aurrean, “eta etorriko diren beste hainbat arazo larriri erantzuteko eta aurrera jarraitzeko” laguntzen beharra aldarrikatu dute. “Euskal gobernua, udalak, garapen agentzia… Laguntza modura, derrigorrezko ordainketak bertan behera uzteko aukera ematea proposatzen dugu (autonomoen kuota, zaborren zerga…). Ez dugu nahi horien ordainketa luzatzea edota ordainketa horiek egiteko maileguak eskaintzea”.
Herritarren laguntza ere behar-beharrezkoa dutela diote. “Normaltasunera itzultzen garenean, herritarren esku egongo da herriko denda txikietan erostea eta modu horretara herria bizirik mantentzea. Orain inoiz baino zentzu gehiago dauka Herrian bizi, herrian erosi, denok irabazi! leloak. Herritarrek gero ez badute denda txikietan erosten, azken horiek desagertu egingo dira”.
Internet bidezko salmentak baimenduta dauden bitartean, atez ateko denda txikien salmentak debekatuta daudela gogorarazi dute. “Ez dago zehaztuta protokolo bat Internet bidez erositako produktuak etxera ekartzerakoan legez ezarritako segurtasun arauak betetzen direla bermatzeko”.
Iluntasun honen guztiaren artean, laguntzeko prest daudenak ere badirela esan dute Markina-Xemeingo Hemen be bai merkatari elkartekoek. “Elkarteko kide bati alokairua ez diola kobratuko jakinarazi dio jabeak”. Horrez gain, elkarte hori osatzen duten 40 establezimenduetatik 13 dira bakarrik zabalik daudenak, eta sei telefono zein sare bidezko zerbitzua eskaintzen hasi dira, WhatsApp edo mezu elektronikoen bidez.
Momentuz, alarma egoerak dirauen bitartean, herritarrei etxebizitzetan geratzeko eskatu diete. “Saltoki eta ostalariak sekulako esfortzu ekonomikoa egiten ari dira egoerari aurre egiteko, eta herritarrei eskatzen diegun gauza bakarra da etxean gelditzeko. Denon erantzukizuna da”.