Osasuna lehenengo lerroan ipini behar dela diote sindikatuek
Langileen osasun baldintzak bermatzearen alde egin dute sindikatuek, eta lantegiak ixteko eskatu. Langileak etxera bidaltzean langileen eskubideak bermatzeko ere eskatu dute
Bizitzak erdigunean. Azken urteetako aldarrikapenari eusten dio LAB sindikatuak COVID-19 birusaren pandemiari aurre egiteko orduan. Lehentasuna langileen osasun eskubideak bermatzea dela dio sindikatuak, eta ondoren langileen bizitza duina bermatzea. Enpresa batzuk dagoeneko hasi dira lantegiak ixten, eta etxera bidali dituzte langileak. Burdinolak ere lantegia itxi du. Cicautxok –eguaztenera [martxoak 18] arte, behintzat– ekoizpena %60ra murrizteko erabakia hartua zuen, eta Etxebarriko Nemak enpresa ERTE bidean dagoela adierazi du LABek. Hurrengo astera begira, enpresa gehiago itxiko dituztela uste dute.
Sindikatuko ordezkarien esanetan, onena jendea etxera bidaltzea eta enpresak kostu hori %100 bere gain hartzea litzateke, enpresa-buruak hasiak baitira gobernuari laguntzak eskatzen. Baina enpresariek hori onartzea zaila ikusten dute, “eta gobernuek ere ez dute ahalmen politikorik enpresa gizonei holakorik dekretuz inposatzeko”.
Koronabirusaren pandemiak, azkenean, etortzekoa zen krisiaren mamua “errematatu” egingo duela uste du LABek. “Orain osasuna zaindu behar dugu, baina langileen bizitzak ere zaindu beharko dira”. Egoera zaila aurreikusten dute pandemia gainditzen denerako, baina alarmarik sortu beharrean itxaropen mezuak zabaltzeko unea dela dio sindikatuak.
Bide beretik, funtsezkoak ez diren jarduera guztiak geldiaraztea eskatu du ELA sindikatuak. “Inkoherentzia handia da etxeetan konfinamendua dekretatzea, baina lanpostuetara ateratzeko betebeharrari eustea kutsatzeko arriskua oso handia dela jakinda ere”.
Azpimarratu dutenez, gobernuek hartutako erabakiekin langile asko lan egitera «behartuta» egongo dira, “beren osasusuna jokoan jarrita». Sortutako egoeran lantokietan osasuna zaintzea ELAren erabateko lehentasuna dela nabarmendu dute. Ildo horretatik, eta neurri horien ondorioak arintzeko, kaltetuentzat prestazioak ipintzea eskatu du ELAk. ERTEak baldin badaude, horiek beti ere epe tasatu batekin (alarma egoeraren aldia, esaterako) negoziatu egin behar direla nabarmendu dute. “Ez zaie inolaz ere gutun zuririk eman behar enpresei, justifikaziorik gabe erabiltzeko”.