Konfinamendua arintzeko #TxantxangorriEtxean ekimena antolatu dute Mutrikun
Haur eta gaztetxoei entretenitzeko proposamen berri bat egiten diete egunero sarean. Ekimenarekin bat egiten dutenek esperientzia argazki bidez kontatzeko aukera ere badute.
Eskolak eta aisialdi ekintza guztiak bertan behera geratu dira konfinamendu egoera ezarri zenetik. Baina etxean dauden haurrei eta gaztetxoei egoera hori arintzeko asmoarekin, egitasmo bitxia antolatu dute Mutrikuko Txantxangorri Aisialdi Taldeko kideek. #TxantxangorriEtxean deritzon ekimena ipini dute abian, eta egunero, herritarrei bateko zein besteko proposamenak egiten dizkiete sarean, gai desberdinak lantzeko.
Ekimen horrekin gazteenak etxean entretenitzeko aletxoa ipini nahi dutela azpimarratu dute aisialdi taldekoek. “Egoera hau inorentzat ez da erraza. Txantxangorriren izenean herri mailan zer edo zer antolatu behar genuela iruditu zitzaigun. Taldeko batek proposatu zuen ideia; baiezkoa eman eta aurrera jarraitzea erabaki genuen. Denok zarete ongietorriak”. Ekimenaren asmoa, gainera, taldean lana egiteko ohitura ez galtzea dela esan dute.
Ekimena asteon abiatu dute, eta konfinamendu egoera amaitu arte egunero zerbait berria proposatzeko asmoa dutela iragarri. Kanpaina berritzailearen bitartez, egunero 12:00etan ekintza proposamen bat egiten dute Txantxangorrikoek euren blogean zein sare sozialetan (Facebook eta Instagram), “itxialdiari aurre egin eta primeran pasatzeko”. Beti ere, ikasteko, dibertitzeko eta esperimentatzeko aukera desberdinak lantzen dituzte. Besteren artean, eskulanak, jolasak, ipuinak, sukaldaritza edota dantzak proposatzen dizkiete haur eta gaztetxoei.
Gaur [martxoak 26], esate baterako, dentsitateari buruzko esperimentu bat egitea proposatu diete eurekin bat egin dutenei. Aurreko egunetan, berriz, flan bat sukaldatu, askotariko denbora pasak eta eskulan tailerra ere egin dituzte.
Ekimenarekin bat egiten dutenek, gainera, bakoitzak bere etxean egindakoa partekatzeko aukera ere edukiko du. Sare sozialetan #TxantxangorriEtxean traola erabililtzera edota taldeko posta elektronikora (txantxangorrixak@gmail.com) argazkiak bidaltzera animatu dituzte herritarrak. “Argazki hauek web orrialdean publikatuko ditugu ondoren. Denon artean, etxeko goxotasunetik, egun hauek alaitasunez eta kolorez beteko ditugu”.