Indarkeria matxistaren biktimak babesteko 'Maskara 19' kanpaina jarri dute martxan
Arrisku egoeran daudenek Bizkaiko edozein famaziatara joan eta laguntza eskatu dezakete 'Maskara 19' esanez. Informazioa eta arreta jasotzeko telefono-zenbakia hurrengoa da: 900 840 111.
Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko Farmazilarien Elkargo Ofizialarekin lankidetzan, ‘Maskara 19’ kanpainagaz bat egingo du, indarkeria matxistaren biktimak babesteko eta koronabirusaren krisialdian laguntza eta arreta bermatzeko. Hau da informazioa eta arreta jasotzeko telefono-zenbakia: 900 840 111.
Indarkeria matxista pairatzen duten edo pairatzeko arriskuan bizi diren emakumeak lurraldeko edozein farmaziatara joan ahalko dira eta laguntza “diskrezioz” eskatu ahalko dute. Hala, farmazietako langileei ‘Maskara 19’ esaldia esanda, martxan jarriko dute biktimak babesteko protokoloa: “Establezimenduetako langileek, Bizkaiko Farmazilarien Elkargo Ofizialak emandako jarraibideen bitartez, emakume horiei babesa eta arreta emateko protokolo bat abiaraziko dute momentu horretan, eta, beharrezkoa izanez gero, Larrialdiko Arretarako Foru Zerbitzuetara bideratuko dute egoera”.
Babesa ematea, helburu. Beste autonomia erkidego batzuetan ere martxan dago kanpaina, Genero-indarkeriaren aurka, Maskara 19 izenburuagaz. “Helburua da erantzun egoki bat eman ahal izatea osotasun fisiko, psikologiko edo sexuala arriskuan duten emakumeei, bai hurbileko familia-inguruan, bai kalean”, adierazi dute arduradunek.
Halaber, Bizkaiko Foru Aldundiak nabarmendu du indarkeria matxistaren biktimei arreta emateko zerbitzua martxan dagoela, eta, beraz, emakumeak zerbitzuarekin harremanetan jar daitezkeela babesa eskatzeko: “Foru erakundeak eskaintzen duen babes maila ez da koronabirusaren krisialdiaren ondorioz murriztuko”.
Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatuak “presente” daudela nabarmendu du: “Emakume horiek hemen jarraitzen dugula jakin behar dute; hau da, aldundiak haiek pairatzen duten mehatxu eta indarkeriari aurre egiteko laguntza, baliabideak eta babesa eskaintzen jarraituko duela”. Gainera, ahalegi handiagoa egiten ari direla ere gehitu du, “osasun krisialdi honetan gure zerbitzuetan erantzuteko gaitasunak behera geratu ez daitezan”.