Jon Badiola: "Internet bidez, dena da posible gaur egun"
Bartzelonan bizi da, 2014az geroztik; urte hauetan, afizioa ofizio bilakatu du, eta 2015etik etxean ere ari da soinu teknikari bere estudioan, North Waves Sound
Noiztik zaude Bartzelonan eta zelan heldu zara hara?
Ikasketek ekarri ninduten Bartzelonara, 2014ko irailean. Euskal Herrian soinu teknikari ikasketak egin nituen, eta gradua egin nahi nuen, haren osagarri: ekoizpen musikalerako gradua.
Zergatik aukeratu zenuen Bartzelona?
Beste aukera batzuk ere ikusten hasi nintzen, nik egin nahi nuena egiteko. Hala ere, Bartzelonako ikastetxea zegoen etxetik hurreren, eta banekien hizkuntzagaz ez nuela arazorik edukiko, beste herrialde batzuekin alderatuta. Horixe izan zen arrazoia.
Eta hortxe geratu zinen….
Ikastetxeak praktikak eskaini zizizkidan. Eta bertan geratu nintzen; bizitzen eta lanean.
Nahikoa lan eduki duzu urte hauetan?
Ni nagoen enpresan bai; nahikoa ekitaldi egiten dira, eta ez zait falta izan lanik. Behin lanerako lekua eginez gero, beharra egon badago. Autonomo aritzen direnekin ere egoten naiz, eta haiek nekezago lortzen dute lana. Ni, zentzu horretan, ez nago kexatzeko.
Non aritzen zara musika teknikari lanetan?
Razzmatazz aretoan aritzen naiz. Gaueko disko jartzaileei laguntzen diet, eta lantzean behin kontzertuak prestatzen ditut.
Zure bizitzan musikarik ez da falta izan…
Hala da, bai. Bateko eta besteko, beti egon izan naiz musika taldeei lotuta. Ondarroan nengoela ere hasi nintzen abestien bertsioak egiten, eta musika taldea ere eduki genuen. Eta Bartzelonan, musika teknikari lanaz gain, estudioko lana ere badaukat. Izan ere, 2015ean, musika estudioa ireki nuen, North Waves Sound, etxean bertan.
Eta hor, beste saltsa batzuetan sartu zara…
Musika estudio batean egin dezakezun guztia egiten dut: abesti originalak, musikarientzako nahasketak,…
Zure kasuan, artista bategaz baino gehiagogaz ari zara lanean. Estudiotik pasatu beharrik ez daukate, ostera.
Bartzelonako zein Euskal Herriko bakarlariekin eta taldeekin aritu izan naiz. Keu Agirretxea herritarraren azken beharra ere bertotik pasatu da: Ura eta bakea, zortzi kantuz osatutako diskoa.
Ondarroan musikaria eta Bartzelonan teknikiaria…
Gaur egun, Internet bidez dena da posible; musikariak eta teknikariak elkar ulertzen badute, lana aurrera ateratzen da. Keugaz, esate baterako, oso erraza izan zen. Abestiak etxean grabatu zituen. Pistak bidaltzen zizkidan (gitarra, ahotsa, gitarra elektrikoa…); argitzen zidan nondik nora nahi zuen bideratu eta moldaketak egiten nizkion.
Eta lan egiteko, etxeko gela batekin nahikoa?
Gela huts bat neukan etxean. Hantxe jarri nuen estudioa. Proiektu bat aurrera ateratzeko, gutxi behar da. Nahikoa dira ordenagailu bat, soinu txartel bat, aurikularrak eta bozgorailu pare bat. Horixe eta lau gitarra. Horrela dago osatuta estudioa; eta ordenagailuagaz, musika tresna birtualekin eta pluggerrekin, gauzak egiten joaten naiz.
Internet bidez, dena da posible; proiektuek aurrera egiten dute, elkar ulertuz gero
Zarata ez da arazoa bizilagunentzat?
Ez dago kexarik. Gela akustikoki tratatuta dago, eta, bolumen egokiagaz, ez daukazu zertan inor molestatu. Gainera, asko gustatzen zait aurikularrekin lan egitea.
Keu Agirretxeak etxean egin zuen lan, eta zeuk ere bai. Hori ez da izango beti horrela…
Keuren lana oso etxekoa geratu zen, bai, berak etxean grabatu zuelako eta nik neurean landu nuelako, baina estudio batean egindako grabaketak ere heltzen zaizkit. Hala ere, grabaketak batek ez dauka zertan hobea edo txarragoa izan etxe batean edo estudio batean grabatzearren.
Zertzuk hartu behar dira kontuan, ba?
Garrantzitsua da zeinek grabatzen duen, hau da, musikariak ze esperientzia daukan: zelan erabiltzen duen mikroa, zelan kokatzen den…
Egoera honegaz, etxerako bidea azkarrago hartuko dugu
Musika taldeen diskoez ari zara. Bestelako lanik ere egin izan duzu estudioan?
Audio tratamendua eskatzen duen edozer lan egiteko prest nago. Adibidez, behin, youtuber batek eskatutako lan bat egin nuen, parodia bat egin nahi zuelako; beste behin, Volkswagenentzat ere egin nuen lan bat…
Kultur arloan, koronabirusak kolpe latza eman du. Zeu zelan ari zara moldatzen?
Estudioko lana, etxe barrukoa, badaukat; kontzertuak, ostera, bertan behera geratu dira. Beraz, soinu teknikari modura lanik ez daukat orain, jendeaurrera begirako ekitaldirik ezin delako antolatu.
Bueltatzeko asmorik bai Euskal Herrira?
Laster! Bost urte eta erdi daramatzat etxetik kanpo. Luze eginda! Banekien bueltatuko nintzela, noiz ez nekien arren. Orain, egoera honegaz, bueltako bidea azkarrago hartuko dugu.