Mutrikuko osasun zentroa itxita egongo da alarma egoera amaitu arte
Herritarrek telefonoz egin beharko dituzte mediku kontsultak, eta behar izanez gero, Debako osasun zentroa joateko adieraziko diete.
Mutrikuko Udalak jakitera eman duenez, eta Debabarrena eskualdean oinarrizko osasun zerbitzuetan arriskuak murrizteko hartutako neurrien barruan, gaurtik [martxoak 30] aurrera itxita egongo da herriko osasun zentroa. Alarma egoera amaitu arte horrela jarraituko duela adierazi dute, eta bien bitartean, beharra duten herritarrek Debako osasun zentrora jo beharko dute.
Gaineratu dutenez, osasun zerbitzua jaso nahi dutenek 943-60 43 00 telefono zenbakira deituta egin behar dituzte beharrezko mediku kontsultak. “Telefono arretaren ondoren kontsultara joan beharko balitz, Debara joan beharko da. Debara joan ezin dutenek, eta bestelako zerbitzuak jaso behar dituztenei (sintron kontrola, esaterako) erizainak etorri ahal zaizkie etxera”.
Gogorarazi dutenez, edozein arnas sintoma duten herritarrek 900 20 30 50 doako telefono zerbitzura deitzen jarraitu beharko dute.