Pedalak ipiniko dituzte Mutrikuko organikoaren eta errefusaren edukiontzietan
Debabarrenako Mankomunitateko iturriek azaldu dutenez, apirilaren 6ko astean ipiniko dituzte Mutrikuko edukiontzietan pedalak. Eskualdeko 306 edukiontzitan neurri bera ezarriko dute gaurtik aurrera, herritarrek edukiontziak uki ez ditzaten.
Debabarrenako Mankomunitateak neurri berriak hartu ditu koronabirusak eragindako alarma egoeraren aurrean. Azaldu dutenez, herritarren segurtasuna bermatu eta COVID-19aren hedapena saihesteko asmoz, organikoaren eta errefusaren hainbat edukiontzitan pedalak ipiniko dituzte. Neurria, oro har, herritarrek horiek uki ez ditzaten hartu dutela jakitera eman dute.
Guztira, eskualdeko 306 edukiontzitan ipiniko dituzte pedalak, eta horretarako 84.000 euroko inbertsioa egingo dute. Neurria gaurtik [martxoak 30] aurrera hasiko dira ezartzen, eta azpimarratu dutenez, koronabirusagatik kutsatu gehien dauden herrietatik hasiko dira instalazioa egiten; hau da, Elgoibar, Eibar eta Ermuatik. Gainontzeko herrietan hurrengo asteetan egingo dituzte instalazio lanak. Apirilaren 6ko astean, esaterako, Mutrikuko, Mallabiako eta Mendaroko edukiontzietan ipiniko dituzte pedalak. Apirilaren 13koan, berriz, Deban eta Soraluzen. “Ezarpena progresiboki egingo dugu herriz herri, eta apirilean bukatuko dugu”.
Gaineratu dutenez, Mutrikuko eta Debako errefusaren edukiontzietan apirila bukaeran amaituko dute pedalak ipintzen.
Era berean, organikoen edukiontzien sarrailak irekiko dituztela ere esan dute. “Mankomunitateak herritarrei dei egiten die edukiontzien irletan lurrean poltsarik ez uzteko, higiene neurriak bermatu ahal izateko”. Azpimarratu dutenez, nerria alarma egoeran soilik mantenduko da. “Bitarte honetan, herritarrek ez dute zertan txartelik erabili behar izango. Epe hau ez da kontuan hartuko erabilera kopuru minimoa (25) zenbatzerako orduan”.
Edukiontzi grisen sarrailak, bestalde, aurreko astean zabaldu zituzten. Eta edukiontziak zabalik badaude ere, egunotan birziklatzen jarraitzeko eta kontsumo arduratsua gauzatzeko deia egin dute. Hori bai, koronabirusa dutenek ezingo dutela ezer birziklatu nabarmendu dute. “Soilik edukiontzi grisak erabili beharko dituzte”.