Sinadura bilketa deitzeko asmoa agertu du Ondarroako Apustu etxeen aurkako plataformak
Hemezortzi talderen atxikimendua jaso dute, eta egunotan beste hirurek ere euren dinamikagaz bat egiteko asmoa agertu dute. Etorkizunean norbanakoen babesa ere jaso nahi dute.
Ondarroako Apustu etxeen aurkako plataformako kideek hitzaldi bat eman zuten atzo [martxoak 30] Internet bidez zuzenean, eta bertan adierazi zutenez, aurrera begira herri mailako sinadura bilketa egiteko asmoa dute. Uda partean hasiko lukete dinamika berria. “Orain arte taldeen atxikimenduak jaso ditugu. Baina etorkizunean norbanakoen babesa ere jaso nahi dugu”.
Berbetan aritu ziren gaien artean, gainera, plataformako zortzi kidek jasotako salaketari buruz ere aritu ziren. “Eta horregaz batera, atxikimenduen testua irakurri genuen”. Oraingoz herriko hemezortzi talderen atxikimendua jaso dutela jakitera eman dute, baina egunotan beste hiru taldek euren borrokagaz bat egiteko asmoa agertu dutela adierazi diete. “Atxikimendu hori ofizialago egiteko gutun bat helaraziko diegu”. Iragarri dutenez, itxialdia amaitu osteko lehen ekintzetako bat agerraldi publiko bat egitea izango da, atxikimendua eman diete taldeekin batera.
Hitzaldia, hain zuzen, Debako Gazte Asanbladaren ekimenez antolatu zuten, eta konfinamendu egoera dela eta, hitzaldia ezohiko eran eman behar izan zuten. Streaming bidez, Eneko Ituarte eta Urki Olaetxea plataformako kideek apustu etxeen aurkako mugimenduari eta borrokari buruz luze aritzeko aukera eduki zuten.
45 bat minutu inguruko hitzaldia eskaini zuten, eta berbaldiagaz bat egin zutenek, gainera, euren galderak planteatzeko aukera ere eduki zuten. Antolatzaileen arabera, eta Youtubek emandako datuak kontuan hartuta, 94 lagun egon ziren aldi berean hitzaldia entzuten. Hitzaldia zuzenean ikusteko aukera eduki ez zutenek, berriz, plataformaren Youtubeko kanalean eskegita dute bideoa.
Hitzaldiaren hasieran taldea sortzeko beharrizanen berri eman zuten. Eta ostean, orain arte egindakoari buruz berba egiteko tartea ere eduki zuten. Azkenik, aurrera begira dituzten erronkei buruz ere berba egin zuten. Aurrera begira asmo asko dituztela aurreratu dute, baina koronabirusaren alarma egoerak dena baldintzatzen duela ere azpimarratu dute. “Momentuz ezin dugu beste hiru hilabeteko plangintza bat egin, itxialdi hau noiz amaituko den jakin arte”.