Bertoko futbolari batzuek era birtualean eman diote jarraipena futbol ikuskizunari
Tercera EHren ekimenez antolatutako lurralde mailako FIFA 20 txapelketan parte hartzeko aukera eduki dute Mutrikuk eta Aurrerak. Iñigo Bravok eta Mikel Carrascalek ordezkatu dituzte, hurrenez hurren, bertoko bi taldeak.
Koronabirusak hainbat kirol ekitaldi behin-behinean bertan behera laga baditu ere, itxialdi garaian ere futbol ligari bestelako eran jarraipena emateko aukera izan dute zenbait futbol jokalarik. Lehen mailako jokalariek FIFA 20 bideojokoan era birtualean antolatutako futbol txapelketa bat jokatu zuten duela bi aste, eta ekimen hori adibide hartuta, maila apalagokoek ere antzerako txapelketak jokatu dituzte han-hemenka.
Tercera EH twitter kontuaren ekimenez, lurralde mailan dabiltzanek txapelketa jokatu zuten aurreko asteburuan, konfinamendu garaian etxeko egonaldia arintzeko. Euskal taldeetako hainbat ordezkarik bat egin zuten egitasmoarekin; denetara 32k, eta horien artean Lea-Artibai eta Mutrikuko bik ere parte hartu zuten. Iñigo Bravok, esaterako, Mutriku Futbol Taldea ordezkatu zuen, eta Mikel Carrascalek, berriz, Ondarroako Aurrera Kirol Elkartea. Talde bakoitzak, gainera, bideojoku ezaguneko nazioarteko talde bat aukeratu behar izan zuen. Mutrikuk Porto aukeratu zuen zeregin horretarako, eta Aurrerak, Osasuna.
Bertoko ordezkariei dagokienez, txapelketan lehen kanporaketan kaleratu egin zituzten. Bravok, esaterako, 1-5 galdu zuen txapelketako azpitxapelduna izan den Getxoko ordezkariaren aurka. “Aparteko maila zeukan jendea zegoen txapelketan parte hartzen; jendea asko ibiltzen da”. Carrascalek, ostera, Antzuola taldeko ordezkariaren maila ezin izan zuen gainditu; markagailua 3-6 geratu zen.
Lehen fasearen ostean, txapelketa jokatzen jarraitu zuten taldeek final-zortzirenak, final-laurdenak, finalerdiak eta, azkenik, final handia eduki zituzten, beste edozein txapelketatan modura. Elgoibar taldeko Jon Casadok irabazi du txapelketa, Getxoko Jon Monjeri 2-7 nagusitu ondoren.
Mutrikuko ordezkariak azpimarratu duenez, esperientzia polita izan da asteburukoa. “Azkenean antzerako maila duten taldeetako jendearen aurka jokatzeko aukera egon da. Ondo egon da esperientzia. Etxean ezin dugunez gauza handirik egin, gainera, ondo etorri zaigu txapelketa”.
Bravok gaineratu duenez, txapelketaren antolaketa oso ona izan da. “Antolatzaileek whatsapp-eko talde bat sortu zuten gurekin harremanetan ipintzeko. Txapelketako koadroa zelakoa izango zen ere antolatu zuten, eta zozketa ere egin zuten. Antolaketa, egia esan, oso profesionala izan da”. Are gehiago, ordezkariek bata bestearen aurka jolastu dituzten partiduak zuzenean ikusteko aukera ere egon dela esan Bravok. “Zuzeneko konexioa Twitch plataformari esker egin dute”.