Kirmen Uribe: "Kaleak hutsik ikusteak tristura handia ematen du"
2018az geroztik New Yorken bizi da idazle ondarrutarra. Esan duenez, Euskal Herrian geratu diren etxekoengatik kezkatuta bizi ditu azken egunak. Hiru aste daramatza familiagaz batera etxean sartuta, eta aspertzeko astirik ez daukatela dio.
2018az geroztik New Yorken bizi da Kirmen Uribe (Ondarroa, 1970) idazle ondarrutarra, eta kanpoan bizi diren beste euskal herritar askok modura, koronabirusa atzerrian bizi du.
AEBetan kasu positibo gehien dituen hiria da New York. Herrialde osoko kasuen herena, esaterako, bertan eman da. Zelan bizi duzue egoera hori?
Kezkatuta bizi dugu egoera. Hemen ditugun lagunengatik eta ezagutzen dugun jendeagatik kezkatuta gaude. Baina, batez ere, Euskal Herrian dagoen gure jendeagatik gaude kezkatuta. Nagusiak ere hor daude, eta gure kezka hortik dator.
Eta egoera hau zelan bizi duzue etxekoengandik hain urrun?
Beti sartzen gara Interneten Ondarroako egoera eta Euskal Herrikoa zein den jakiteko. Teknologia berriei eskerrak, askoz ere errezagoa da etxekoekin komunikatuagoa egotea, baina kezka handiagaz bizi dugu hau guztia; gure kezka nagusia gure etxeko nagusiak ez gaixotzea da. Lehen aldean, oraindik eta gehiago deitzen dugu etxera. Gainera, orain momentuan ez da hain erraza horra joatea, eta hortik hona etortzea ere ezinezkoa da.
New Yorken etxean gelditzeko agindua jaso aurretik ere herritarrak etxean geratzen hasita zeuden, ezta?
Gizartea hemen aurretik joan da. Bada ia hilabete unibertsitateetako eskola presentzialak bertan behera geratu zirela; orain sarean ematen hasi gara eskolak. Unibertsitateak ezeze, Broadwayko antzokiek ere itxi egin zuten, lantoki publiko askok eta liburutegiek ere ixtea erabaki zuten, eta duela hiru aste eskolak ere itxi zituzten. Larritasun egoera ezarri zenerako, jendea etxean geratzen hasita zegoen. Sareetatik ere jendea mezu hori zabaltzen hasi zen; etxetik ez irteteko, eta bertan geratzeko. Guk, esate baterako, geure kontura erabaki genuen etxean geratzea.
Guk geuk ahalik eta gutxien irteten dugu kalera; etxetik ez irteteko dinamikan sartuta gaude
Zenbat denbora daramazue etxean sartuta?
Ia hiru aste daramazkigu; zuekin batera hastea erabaki genuen. Duela hamar bat egun, berriz, New York estatuko gobernadoreak herritarrei etxean geratzeko eskatu zien, eta presentzialak ez diren lan guztiak gelditzeko.
Zelako konfinamendu egoera dago hor?
Gu ere egoera berean gaude, etxean sartuta. Egoera horkoaren oso antzekoa da. Batez ere, umeekin pentsatuta, hemen kalera irteteko baimena dugu. Egunero paseo bat ematera edo korrika egitera joateko baimena dugu. Hori bai, neurri batzuk zaindu behar dira. Irteera hori laburra izan behar da, eta inoregaz ere ezin zara geratu, eta, betiere, segurtasun distantzia mantenduta. Umeekin bazoaz, ezin dira euren lagunekin batu. Hor ez modura, egunero irteteko aukera txiki hori daukagu. Ordu erdiko buelta bat eman daiteke, gehiagorik ez. Hemen, bestalde, kalean ez dago polizia zaintza berezirik egiten. Ez dizute esaten ez irteteko. Ardura, gehienbat, herritarren gainean dago. Hemen, gainera, informazioa etengabe ematen dute. Agintariak egunero ari dira datuak ematen, eta zer egiten ari diren buruzko informazioa ematen. Datu oso errealistak ematen dituzte, gainera. Datuen arabera, egoera luzerako izango da, eta lasai hartzeko eskatu digute.
Kalera irteten duzue?
Guk geuk ahalik eta gutxien irteten dugu kalera. Baimenduta daukagun paseo hori ere gutxitan egiten dugu, askotan etxe barruan geratzea erabakitzen dugu, ahal denik eta aukera gutxien egoteko kutsatzeko. Etxetik ez irteteko dinamikan sartuta gaude. Janaria eta erosketak etxera ekartzeko eskatzen ditugu. Bestelakoan, astean behin edo bitan bertoko baserritarren azokara joaten gara. Bestelakoan, ahalegintzen gara etxetik dena egiten. Seme-alabei eskolako beharrak egiten laguntzen ordu asko joaten zaigu. Etxetik egin beharreko lana sustatu behar dela esaten dute, baina azkenean, ia astirik gabe gaude.
Kalera irteterako orduan, nolabaiteko neurri bereziren bat hartu behar duzue?
Ez. Hemengo osasun zerbitzuek, gainera, ez dute aholkatzen horrelakorik. Kalera joan zaiteke, erosketak egin, distantzia mantendu eta etxera ailegatzerakoan eskuak eta arropa garbitu, eta listo. Jendea nahikoa lasai ikusten da kalean. Zera eskatzen dute; etxean maskararik baduzu, emateko ospitaleei. Eta jendea hori da dago egiten. Enpresak ere dirua ari dira ematen maskarak emateko, edo dituztenak eurak ari dira ematen.
Zer nolako elkartasun ekimenak sortu dira hor?
Ekimenak han-hemenka sortu dira. Nagusiei janaria eramateko boluntario talde bat sortu dute, behar duten umeei ere eramateko gosaria eta bazkaria banatzen diete egunero eskoletan, eta ordenagailua behar dutenei ere laga egiten diete. Ospitaleetan laguntzeko, berriz, 47.000 boluntariok izena eman dute. Bestelako mugimenduak ere sortu dira; hemen ere 19:00etan osasungintzakoen alde txalo egiten hasi gara, eta leihoetan ere umeek marraztutako ortzadarrak zintzilikatu dituzte askok.
Bestelakoan, zer moduz dago ospitalen egoera?
Ospitale bateko larrialdietan lanean ari den lagun bat daukagu, eta txarto pasatzen ari direla esan digu. Jende asko ari da egunotan ospitalera joaten, eta egoera oso gogorra da. Gobernu federalari laguntza eta dirua eskatzen ari dira arnasgailuak eta behar dituzten gauza guztiak erosteko. Hemen ere borrokan ari dira, baina jendea pozik dago gobernadoreagaz, dirudienez nahikoa ondo egiten ari da lana.
Jendez beterik egotera ohituta dauden New Yorkeko kaleak hutsik ikustea arraroa egingo da, ezta?
New York ez da bakarrik bertan dauden eraikin handiak; New York, azkenean, jendea da, eta hemen mugitzen den energia guztia da. Baina orain energia hori guztia ezkutatuta edo lotan dago. New York oso gizarte dinamikoa da, eta kaleak hutsik ikusteak tristura handia ematen du. Eraikinek hor jarraitzen dute, baina jenderik ez dago; etorkizuneko film postatomiko batean gaudela ematen du.
Egoera honetan idazteko denborarik badaukazu?
Orain ez dut asti gehiago, gutxiago daukadala esango nuke. Lehen goiz osoa liburutegira joaten nintzen, eta hantxe idazten egoten nintzen, baina, orain, hori ezin dezaket egin. Jendeak etxean aspertuta dagoela dio, baina nik ez dakit zer den hori.
Eta inspirazio tarterik badago horrelako egoera batean?
Idazketa, beste lan batzuk modura, planifikatu egiten da. Plan bat egiten duzu, eta ordu bakoitzean zer egingo duzuna erabaki, eta hori egiten saiatzen naiz. Bestelakoan, ez dago idazterik. Zorionez, idazten ari naizen azken liburuaren zati handi bat aurreratuta nuen; ikerkuntza guztia eginda nuen, eta orain pixkanaka idazten jarraitu behar dut. Idazteko nahikoa astirik ez dudanez, horrek dena atzeratuko du, baina gauzak lasai eta pazientziagaz hartu behar dira. 17 segundo liburuaren itzulpena galegoz eta gaztelaniaz ere hemendik gutxira kaleratu behar ziren, baina hori ere atzeratu behar izan dugu.