70 urtetik gorako herritarrei deitzen hasi da Ondarroako Udala
Ondarroako udal iturriek esan dutenez, udal beharginak 70 urtetik gorako herritarrei deitzen dabiltza; ia 1.000 ondarrutarri deitzeko zeregina aurreko astean hasi zuten.
Udal beharginek esan dutenez, deitzen dieten herritarrei zelan dauden galdetzen diete lehendabizi, ezer behar duten jakiteko. Ondoren, laguntza eskaintzen diete. “Beharra dutenei, gainera, laguntza zerbitzu hori ematen duen udal telefono zenbakia (608 22 97 95) lagatzen zaie, eta behar dutena (erosketak, botikak…) boluntario sareko kideen bidez kuadeatzen dela eta etxera eramateko aukera dagoela jakitera ematen zaie”.
Udal iturriek agertu dutenez, deien bitartez askotariko kasuak identifikatu dituzte: bakarrik bizi direnak, beste nagusi batekin bizi direnak, gazteago batekin bizi direnak, nork lagundu badaukatenak edo ez daukaten nagusiak, esaterako. “Udala guztiei ari da eskaintzen laguntza”. Herritarrei gogorarazi dietenez, udalak laguntzaile sarea antolatu du. “Kaleka banaturik, behar duten herritarrei laguntza ematen ari dira”.