Ondarroako eskola zarratuta egon zen 1908an ere
Bizkaiko Hezkuntza Batzordeak mutilen eskola zarratzeko agindua eman zuen, eraikinaren osasun baldintza eskasak zirela eta; udalak, arrazoiak onartu, eta berehala hartu zituen neurriak
Eskolak zarratuta ikustea ez da ohiko irudia, baina ezta berria ere. Hain zuzen, orain mende bat Ondarroako mutilen eskolak, Kontzejukoak, zarratu beharrean egon ziren, higiene falta zela eta.
Udalak 1908ko azaroan hartu zuen ikastetxea ixteko erabakia, Bizkaiko Hezkuntza Batzordearen agindua betez. Horren agirian esaten zen eskola higiene baldintza negargarrietan zegoela. Herriko administrazioak ez zuen emandako argudioa ukatu. Alderantziz: ados zegoen.
Izan ere, kezka jasota zegoen beste txosten batean, hileak aurretik: Horren egilea Irakaskuntza Publikoaren Herri Batzordea izan zen. Batzordea urte bereko otsailean sortu zen, udalari irakaskuntza gaietan laguntzeko helburuz, eta 1907-1908 ikasturtea amaitu zenean ohartarazi zuen zein txarto zegoen eskola garbitasun aldetik.
Bizkaiko Hezkuntza Batzordearen agindua jaso zuen momentuan, udalak eskola berria eraikitzea erabaki zuen, eta lokal egokia bilatzeko ardura eman zien Segundo Ibaibarriaga alkateari eta Jose Antonio Garramiola zinegotziari. Pauso hori nahikoa zela ulerturik, eskolak berriro zabaltzea eskatu zioten Bizkaiko Hezkuntza Batzordeari; eta horrek, onartu, behin-behinean, hau da, eskola berria egin bitartean. Bateko eta besteko, eskola hilabete pasatxo egon zen zarratuta.
Kontzejuko eskolak berehala konpondu zituzten. Herriko eskola berriak 1930. urtean egin zituzten, Iñaki Deunan, eta Zeledonio izenez ezagutuko ziren. Urte hartatik aurera, hantxe jaso zituzten klaseak herriko neska-mutilek. Hala eta ere, urte luzez ezagutu da mutilen eskola bat Kontzejuko lehen solairuan, «Don Sekundinoren eskola».
Herriko hautesleen %67,6 analfabetoak ziren; 1.006 hautesleetatik 670ek ez zekiten ez irakurtzen ez idazten
Analfabetismoa. 1908an, eskolaratzea ez zan erraza. Kontuan hartu behar da XX. mendearen hasieran analfabetismo tasa handia zegoela Ondarroan. Horren adierazle dira 1906ko hautesunde erroldako datuak. 1.006 hautesleetatik 670ek ez zekiten ez irakurtzen ez idazten. Beste era batera esanda, herriko hautesleen %67,6 analfabetoak ziren.
Herriko eskolak ez ziren oso erakargarri umeentzat, hiru arrazoirengatik: maisu-maistrek gaztelaniaz irakasten zutelako, geletan higiene arazo handiak zeudelako eta negu partean gelak bete-bete eginda egoten zirelako. Hain justu, garai hartako lekukotzek diote jende asko pilatzen zela, eta ume asko eskaileretan gelditzen zirela, geletara sartu ezinean; bi baino ez zeuden eta. Egoera horretan, ez zen harritzekoa umeak eskolara ez agertzea; «eskola kiesik» egitea Ondarroan esaten den legez.
Eskola bako arrantzaleak. Agiriak dira analfabetismoaren erakusle. Adibidez, 1900eko azaroan, batek baino ez zuen sinatu ahal izan Santa Klara Arrantzaleen Kofradiako zuzendaritzaren batzarraren txostena, besteek ez zekitelako idazten. Garai hartako beste datu bat ere bada esanguratsua: 1906ko uztaileko hautesle erroldan agertzen ziren 671 arrantzaleeetatik bakarrik 127 lagunek zekiten idazten eta irakurtzen. Beste guztiak, 544 lagun, analfabetoak ziren; hortaz, arrantzaleen %81,07 analfabetoak ziren.
Baina eskola kontuek burukomin gutxi eragiten zuten garai haietan. Ondarroa herri arrantzalea izatean, normalena zen etxeko txalupetan eta potinetan ume-umetatik itsasora joatea, 11 urtegaz; lehen jaunartzea egin eta batera, bizitza guztirako.
Eskola hauek zeuden 1908an Ondarroan:
- Mutilentzako herriko eskolak: Kontzejuan zeuden, orduko udaletxean. Kontzejuaren beheko gelan, bata; eta Kontzejuaren goiko gelan, bestea. Irakasle titularra Pedro Maria Leibar zen, maisu entzutetsua Ondarroan.
- Nesken herriko eskolak: Herri eskola bi zeuden, Iñaki Deuna kaleko arrain-kontserba lantegi bateko goiko solairuan, Maskulo Etxearen aurrean. Nesken eskola batean Eulalia Agüero Pardo zen irakaslea; eta bestean, Benina Egiguren, behin-behinean.
- Haur eskola: Haur eskola XIX. mendearen azken aldera sortu zuen Ondarroako Udalak. Berak aukeratzen zuen eskolako maistra eta berak ordaintzen zion soldata. 1904. urtean, eskolako arduraduna hil zenez, udalak Gurutzeko Alabak lekaimeei Haur Eskolaren ardura ematea erabaki zuen. 1905. urtean, udalak lekaimeen laguntzaile izendatu zuen Kalixta Bakeriza anderea. Emakume horrek dimisioa aurkeztu zuen 1908an. Udalak herrian zabaldu zuen irakasle berria aukeratzeko eskaintza. Bost lagun aurkeztu ziren, eta bosten artean Bentura Galdos aukeratu zuten.
- Lekaimeak: Gurutzeko Alabak lekaimeak 1904ko apirilaren 14an Ondarroara etorri zirenean, Haur Eskola eta Herriko ospitalaren ardura hartu zuten euren gain. Etxetxo bat ere erosi zuten Lekeitioko errepidearen alboan, bizitzeko. Etxetxoak etxabea, solairua eta ganbara zeuzkan. Eskolak emateko egokitu ondoren, 1906. urtean ireki zuten. Gurutzeko Alabek, ikastetxea zuzendu ez ezik, irakasle lanak ere betetzen zituzten. Ikasleen gurasoek kuotak ordaintzen zituzten, hilero, eta haiei esker mantentzen zen ikastetxea.
- Latineko eskola: Garai hartan, Ondarroan gazte gutxik edukitzen zuten ikasten jarraitzeko gogoa edo aukera, behin herriko esloletako ikasketak amaitu eta gero. Eskola horretako ikasleak deskribatu zituen Imanol Oruemazaga historialariak Ondarroa 2008 urtekarian: «Herriko handikien eta arrain-kontserba lantegietako jabeen semeak, azken urteetan indartzen eta ugaltzen ari zirenak». Gehiago ere esaten zuen: «Eskola horri Latineko eskola izen arranditsuagaz deitzen zioten ondarroarrek». Udalak 1908ko aurrekontuetan 500 pezeta jarri zituen irakasleari soldata eta gelaren urteko errenta ordaintzeko.
- Nautika eskola: XX. mendearen lehen urte haietan Nautika eskolak irekita jarraitzen zuen. Baina gaurkotzeko premia ere bazeukan, eta Arrantza Eskola sortzea erabaki zuten udalbatzan, aho batez, 1907ko urriaren 13an. Udalak 500 pezeta jarri zituen 1908.urteko aurrekontuetan, Nautikako maisuak arrantzaleei gaueko eskolak eman ziezaizkien.