Sintomak dituzten Artibai egoitzako langileak Arrigorrira bidaliko dituzte
Udal iturriek jakitera eman dutenez, ostatua funtsezko zerbitzu izendatu dute, behar izanez gero, osasun krisian erabili ahal izateko.
Ondarroako Udalak jakitera eman dutenez, Alfa eraikina zena sintomak dituzten edo kutsatu nahi ez duten Artibai egoitzako langileentzat erabiliko lukete horiei ostatua ahalbidetzeko helburu bakarragaz. Hau da, bertoko zuzendariarentzat, erizainentzat, erizain laguntzaileentzat, egoitzako operarioentzat eta garbitasun zerbitzua ematen duten pertsonentzat. “Langileen kezka egoitzan kutsaturen bat egonez gero etxekoak kutsatzea da, eta modu horretara, beste alternatiba bat dute. Ospitaleratu barik isolatuta egon behar dutenak ere bertara joateko aukera edukiko dute. Hori bai, udal langile publiko horiek borondatez joan ahal izango dira ostatura”.
Udal iturriek gaineratu dutenez, ez lukete ostatu osoa erabiliko eginbide horretarako; zehatz esanda, komundun logelak erabiltzea adostu du udalak ostatuko arduradunekin.
Iragarri dutenez, Espainiako Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioak ezarritako TMA/277/2020 aginduaren arabera, Arrigorri ostatua funtsezko zerbitzu izendatzeko eskumena dauka udalak. Agindu hori kontutan edukita, eta behar izanez gero, turismo ostatu batzuk funtsezko zerbitzuak direla aitortu daitezke COVID-19ak eragindako osasun alarma egoeran, hain zuzen. “Udalari dagokio, bere eskumenen esparruan, herritarren osasuna eta segurtasuna babesteko eta gaixotasunaren progresioa geldiarazteko beharrezkoak diren neurriak hartzea”.