Mutrikuko eraso matxistak salatzeko protesta deitu dute
Erasoak salatu eta erasotuei babesa adierazteko kazerolada egingo dute 21:00etan. Mutrikun ez eze, Ondarroan ere egingo dute protesta.
Mutrikuko EMA talde feministak jakitera eman duenez, zenbait eraso matxistaren berri eduki dute azken egunotan. Hori dela eta, etxeko balkoi eta leihoetatik mobilizazio zaratsua egitera deitu dituzte herritarrak. Gaur [apirilak 7], 21:00etan hasita, bost-hamar minutu inguruko kazerolada egingo dute; batetik, indarkeria matxista salatzeko, eta, bestetik, erasotuei babesa helarazteko. “Gure babesik beroena erasoak jasandako emakumeei, baita elkartasun feminista ere”.
Konfinamendu egoera betean eman diren erasoak guztiz gaitzetsi ditu herriko mugimendu feministak. “Berriro ere azpimarratu nahi dugu ez dugula inolako eraso matxistarik onartzen, eta ez dela erasorik egongo erantzunik gabe. Autodefentsa feministaz lanean jarraituko dugu. Zuek ere egin zuen ekarpena indarkeria matxistarik gabeko Mutriku bat eraikitzeko”.
Ondarroako Emakumeen Udal Kontseiluak ere deialdiarekin bat egin duela jakitera eman du. “Ondarroako Emakumeen Udal Kontseiluak dei egiten die herritarrei 21:00etan balkoietatik egingo den kazeroladan parte hartzera”.