Aurreikuspen guztiak gainditu ditu Ondarroako Aste Santuko egitarauak
Esan dutenez, Iñaki Maruri aktoreak egindako Aurori Badiolaren bakarrizketa izan da arrakastatsuena. Saio horrek, hain justu, 2.720 ikustaldi eduki ditu Facebooken (Instagrameko ikusleak kontuan eduki barik).
Sare sozialetako plataforma ezberdinetako bisitaldiak eta egitarauko ekimen denak kontuan hartuta, 10.000 ikustalditik gora eduki ditu Ondarroako Aste Santuko egitarauak. Eta kopuruak gorantz jarraitzen du; sarean geratu diren ekimenekin gozatzen jarraitzen dute ikus-entzuleek.
Ondarroako Udaletik adierazi dutenez, espero zutena baino arrakasta handiagoa eduki du ekimenak, eta herritarrengandik heldu zaizkien iritziak ere oso onak izan dira. “Arlo ezberdinetako ekintzak izanda, jende ezberdinarengana ailegatu da eta jarraipen handia eduki dute. Ohitura moduan hartu dute herritarrek parte hartzea”.

Iñaki Maruri aktoreak egin zuen Aurori Badiolaren bakarrizketa. Argazkia:Ondarroako Udala
Izandako datuek argi uzten dute erantzun on hori. “Momentu batean, esate baterako, 400 dispositibo baino gehiago zeuden konektatuta”. Zehaztu dutenez, Iñaki Maruri aktoreak egindako Aurori Badiolaren bakarrizketa izan da arrakastatsuena: 2.720 bisitaldi izan ditu Facebooken, Instagrameko datuak kontuan hartu barik. “Asko gustatu da bai eta ere zapatuko danborrada eta umeentzako esperimentu eta eskulan tailerrak ere oso erantzun ona eduki du. Gimnasiako bideo batek 2.000 ikustaldi ditu, ipuin kontalariak 1.000 ikustaldi… 10.000 ikustaldiak erraz gainditu dira”.
Radixu Irratiaren inplikazioa ere aitatu dute. 20:00etako txaloen ondoren Ondarroako hiru kanta jarri dituzte, eta jarraian, 22:00ak arte irratsaio berezi bat eskaini dute. “Izandako arrakasta ikusita irratsaio berezi horri jarraipena emango diote. Eguenetik domekara egongo da ordu berean, 20:15etik aurrera. Oso irratsaio polita izaten da”.

Nagore Basterretxea eskulanak egiten. Argazkia: Ondarroako Udala
Parte hartu duten guztiei, ikusten eta gozatzen egon diren guztiei eta egitaraua posible egiteko laguntzen ibili diren artistei eskerrak eman dizkie udalak. Aurreratu dutenez, gainera, urtean egingo diren kaleko ekimenetan, artista horiekin kontatzea da udalaren asmoa, “euren lana eskertu eta ekimenak birtualki egin barik herrian eta aurrez aurre egin ahal izateko”.