Maskarak egiteko makinak ailegatu dira Etxebarrira
Maskarak egiteko makinak gaur goizean ailegatu dira Etxebarrira. Aurreikuspenen arabera, lehen unitateak apirilaren amaieran ekoiztuko dituzte.

Mondragon Assembly kooperatibak Txinan prestatutako makinak gaur [apirilak 20] goizean ailegatu dira Etxebarriko Galartza industriguneko pabiloira. Bexen Medical arduratuko da orain, maskarak ekoizteaz, eta aurreratu zutenez, hilean 10 miloi unitate egitea dute asmoa.
Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioak eskatutako lau makinak ostiralean iritsi ziren Kunshandik (Txina) Torrejon de Ardozko base militarrera. Lau makinetatik hiru Cikautxo kooperatibak Etxebarrian dituen instalazioetara eraman dituzte, behar bezala egokitutako areto batera, eta Bexen Medical enpresa arduratuko da maskarak ekoizteaz. Beste makina Espainiako Defentsa Ministerioarentzat izango da.
Maskarak ospitaleetara, osasun etxeetara, enpresetara eta herritarrengana bideratuko dituzte, koronabirusa hedatzea saihesteko. Aurreikuspenen arabera, lehen unitateak apirilaren amaieran fabrikatuko dira.