Ondarroako eta Markina-Xemeingo azokak zabalik mantendu dituzte, lehentasunezko zerbitzua delako
Saltzaileen eta erosleen segurtasuna bermatuta egiten ari dira ohiko nekazal azokak, eta ekoizleak zein kontsumitzaileak pozik agertu dira.

Apirilaren 8an Eusko Jaurlaritzak baserritarren azokak egitea debekatu bazuen ere, Ondarroako eta Markina-Xemeingo udalek azokak bere horretan mantentzea erabaki zuten, oinarrizko zerbitzua delako. Hortaz, bere horretan mantendu dituzte azken asteetan. Ondarroan, martitzen eta zapatu goizetan egin da, Zaldupe eskolako jolastokian, eta Markina-Xemeinen, eguen goizetan, Plazabarripean. Apirilaren 11n debekua bertan behera utzi behar izan zuen Jaurlaritzak, neurriak sortu zuen ezadostasunagatik.
Jaurlaritzak hartutako erabakiak saltzaileen eta erosleen eskubideak urratzen dituela adierazi zuen Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga Ondarroako alkateak apirilaren 10ean. “Non geratzen da gertuko eredu produktiboetan ekoiztutako elikagaiak saldu eta erosteko eskubidea? Non geratzen da kontsumitzaileek zein elikadura mota nahi duten aukeratzeko eskubidea?”, galdegin zuen. “Alarma egoera beste merkataritza eredu batzuk bultzatzeko aitzakia baino ez dela uste dugu, eta guk herriko kontsumoa bultzatu nahi dugu, herri bizia nahi dugulako. Ez dauka inolako zentzurik. Lehen sektoreko baserritar eta nekazarien salmenta gune garrantzitsuak dira azokak, eta ez du zentzurik salmenta horiek merkatalgune handietara bideratzea, ez alarma egoeran ez inoiz”.

Markina-Xemeingo merkatu plaza
Bihar ere [apirilak 21, martitzena] Zaldupen egongo dira saltzaileak beraien produktuekin, eta orain artekoetan bezala, martxoaren 24an alkateak sinatutako segurtasun neurriak zorrotz beteta egingo da. Aurreko astean pozik agertu ziren bai saltzaile eta bai kontsumitzaileak ere.
Bestalde, apirilaren 8tik aurrera, Markina-Xemeingo Udala ekoizleekin harremanetan egon da etxez etxeko salmenta zerbitzua antolatzeko. Apirilaren 9an aldiz, txosten bat bidali zuen Jaurlaritzako Osasun Sailera, herrian zein segurtasun neurri hartzen dituzten azalduz eta merkatua mantentzeko nahia adieraziz. “Udala lehen sektoreko ekoizleek gure herritarrei euren produktuak helaraztearen alde egon da hasiera hasieratik, eta astero antolatu dogu merkatu azoka, nahiz eta alarma egoeran egon. Elkarlanean eta konfrontazioak alde batetara utzita, eguen honetan ere, betiko neurri zorrotzekin, merkatuko azoka bermatuko dugu”.