Mugimendu feministak zaintzaren krisiari buruzko mahaia osatu du hainbat eragilerekin
COVID-19ak eragindako egoerak "zaintzen kolapsoa" sortu duela dio mugimenduak, eta konponbideak aztertzeko 20 eragile sozial, sindikal eta politiko batu dira mahaian.
Zaintzak erdigunean jartzea, bizitza erdigunean jartzeko lehen urratsa dela uste du mugimendu feministak, eta COVID-19ren ondoriozko “zaintzen kolapsoa” bizi dugula deritzote. Horregatik, Euskal Herriko mugimendu feministak krisi mahai bat osatu du, eragile politiko, sindikal eta sozialekin batera.
Zaintza lanak kudeatzeko krisi mahaia da hogei eragilek eratu dutena. Besteren artean, lehen saioan egon ziren ELA, LAB, CCOO, Steilas eta CNT sindikatuen, EH Bildu, Elkarrekin Podemos, Equo-Berdeak eta Ezker Anitza alderdi politikoetakoen eta Batera zaintza sare herritararen, etxeko langileen elkartea den Trabajadoras No Domestikadas-en, Ahizpatasuna emakume feminista magrebien elkartearen eta AMUGE Euskadiko emakume ijitoen elkartearen ordezkariak. Halaber, arlo desberdinetako adituek ere parte hartu zuten.
Zaintzaren krisiaren aterabidea elkarrekin antolatuz lortu daitekeela soilik nabarmendu dute, eta horretarako ezinbestekoa dela antolaketa soziala eta botere publikoek harreman zuzena edukitzea zaintzaren eta bizitzaren iraunkortasunaz arduratzen diren eragileekin. Horregatik, sortu duten mahai tekniko, politiko eta feministan Iñigo Urkullu Lehendakariak eta Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteak parte hartzea beharrezkoa dela uste dute. Sortzeko bilerara gonbidatu zituzten, baina momentuz ez dute bat egin.
Erantzun indibidualez harago, kolektiboki antolatzeko beharra azpimarratu du mugimenduak: “Alarma egoera ezarrita, ixtea eta konfinatzea agindu da, baina ez dago gobernu neurririk erantzun kolektiboa emateko”. Horregatik, gogoraratu dute norbere etxean konfinatuta egon arren, antolaketak kolektiboa izan behar duela. Hortaz, krisi mahaia ere etxeetatik eta bide telematikoetatik bideratzen dutela azaldu dute, bertan parte hartuko dutenen osasuna bermatzeko.
Orain arte erabakiak hartzerakoan “bazterrean utzi” dituzten gizarte eragileak mahaian egotea ezinbestekoa dela esan dute: mugimendu feminista, langileen elkarteak, etxeko langileak, guraso elkarteak edo egoitzetako langileak… Hain zuzen, mahaiaren zeharkakotasuna eta kalitate teknikoa ziurtatzeko, zaintza, medikuntza eta ekonomia arloko adituen parte hartzea bermatzen ahalegindu dira.
Azpimahaiak. Gainera, jakinarazi dute azpimahaiak sortuko dituztela gai jakin batzuk lantzeko: eremu feminizatuak: etxeko langileak, zaintzak, osasuna eta hezkuntza; indarkeria matxista eta arrazista, eta LGTBIfobia; prekaritatea, bizitzaren degradazioa eta eskubideen urraketa; eta burujabetzaren galera.
Koordinakunde bat ere sortu dute COVID-19aren krisialdian sortutako egoeran ekintza feminista guztiak koordinatuko dituena eta horien “lidergoa izango duena”. Konfinamendua hasi zenetik gertatzen ari diren eskubide urraketak eta bizitzaren aurkako eraso egoerak jasotzen dabiltza.
Eragile “politiko transzendental” gisa dagokion erantzukizuna hartu dute: “Gu gara zaintzari buruz dakigunak, eta krisi hau, pandemia deitzen dioten arren, zaintza krisi bat da. Estatuek eta gobernuek zaintzaren dimentsio estrukturala ikusteko duten ezintasuna kezkagarria da. Urteetan hizpide izan dugun zaintza krisia agerian geratu da egunotan COVID-19 birusaren pandemiarekin. Ez da koiunturazko zerbait; zaintza krisia egiturazkoa da. Bizitzak erdigunean jarriko dituen jendarte bati bide emateko, paradigma aldaketa beharrezkoa da. Orain arte gure jendartea merkatuetan eta logika neoliberaletan zentratuta bizi izan da, eta orain egiaztatzen ari gara ez gaudela prest bizitza, pertsonen bizitzak, babesteko. Egoera honetatik aterako gara bakarrik logika kapitalista eta patriarkal horiek aldatzeko gai bagara, bizitzak eta zaintzak erdigunean jartzeko gai bagara”.