Artzabal Surf Taldearen laguntza ere jaso du Lekeitioko Elikagaien Bankuak
Dagoen premia handia dela gogoratu eta laguntza guztiak eskertu dituzte.

Artzabal Surf Taldeak 125 euro eman dizkio Lekeitioko Elikagaien Bankuari eta laguntza eskertu nahi izan dute Elikagaien Bankukoek. Norbanakoen dohaintzak ere jasotzen ari direla esan dute. “100 euro eman digu batek, 50 besteak… eta horiei ere gure esker ona erakutsi nahi diegu. Izan ere, ekarpen guztiak, txikiak badira ere, beharrezkoak ditugu, gero eta gehiago dira-eta premia daukatenak, eta guztientzako janaria edukitzea gaitza da”.
Azaldu dutenez, Basaurin dagoen Elikagaien Bankuko biltegitik ailegatu zaien janariagaz gainera beste 687 euro gastatu behar izan dituzte hil honetan janaria erosteko. “Botikan ere hilero pixoihalak erosten ditugu, eta oraingoan, Markuerkiaga botikakoek, doan eman dizkigute. Laguntza handia izan da, bestela 1.000 bat euro gastatu behar izango genituen hil honetan”.
Bizkaiko Elikagaien Bankutik elikagai kopuru handiagoa jasoko dutela esan dute, %25 gehiago. Hala ere, ez dela nahikoa azaldu du Marisol Iturraspe Lekeitioko Elikagaien Bankuko kideak. “Gero eta familia gehiago daude premiagaz. 13 bat familia gehitu dira azken asteetan, eta horiei Gurutze Gorriaren bidez lagundu zaie, baina datorren hilean Elikagaien Bankutik emango diegu janaria, Gurutze Gorriaren eta herriko boluntarioen laguntzagaz”.
Maiatzean famili unitateen kopurua eguneratu eta Basauriko biltegitik datu berri horren arabera bidaliko dutela elikagaien kopurua azaldu du Iturraspek. Bestalde, fruta eta barazkiak jasotzeko eskaria ere egin dutela zehaztu du. “Beste kamioi bat bidaliko dute. Momentu honetan ume asko etxeetan daude eta janari freskoa ere beharrezkoa da, batez ere eurentzat”. Hala ere, laguntza guztiak beti ondo etorriak direla azaldu du. “Momentu honetan 250 bat familia unitatek jasotzen du Elikagaien Bankuko janari sorta, baina zerrenda handitzen doa apurka-apurka, eta erantzutea oso zaila da”.