'Herriko tabernen' auziko epaia gauzatzen hasi da Espainiako Auzitegi Nazionala
Espainiako auzitegiak hainbat kontu korronte enbargatu ditu dagoeneko. 2014ko sententziak 103 'herriko taberna' konfiskatzeko agindua eman zuen, "ETAren egitura" finantzatzea egotzita; 2015ean, Gorenak berretsi egin zuen hori, bahitze kopurua 101ean utzita.
Sortuk ohar baten bidez jakinarazi duenez, Espainiako Auzitegi Nazionala herriko tabernen auziko sententzia (35/02 sumarioko epaia) gauzatzen hasi da azkeneko egunetan, haien kontu korronteak enbargatzeko agindua emanda. “Jada hasi dira tabernen eta elkarteen kontuak enbargatzen, eta hurrengo egunetan guztiena gauzatuko dela pentsatzen dugu”.
Auzitegi Nazionalak 2014an atera zuen 35/02 sumarioko epaia, eta, kartzela zigor batzuk emateaz gain, 103 herriko taberna konfiskatzeko agindua eman zuen, “ETAren egitura” finantzatzea egotzita. Zigorra jaso zuten 103 herriko taberna horietatik, 53 Bizkaikoak dira, 35 Gipuzkoakoak, zortzi Arabakoak eta zazpi Nafarroakoak. Beste 11 herriko taberna absolbitu egin zituen Auzitegi Nazionalak: Bizkaiko bi eta Gipuzkoako bederatzi.
Lea-Artibai eta Mutrikuren kasuan, Lekeitio, Ondarroa, Markina-Xemein eta Mutrikuko herriko tabernak daude sumario horren barruan. HITZAk jakin ahal izan duenez, Lekeitioko Galarrenaren eta Markina-Xemeingo Amaiur elkarteetako abokatu Aitor Amutiok jakitera eman duenez, Lekeitioko elkarteko kontuan zegoen dirua kendu dute, «6.000 euro inguru zeuden». Ondarroako Uxola elkarteko kontuetan ere esku hartu du Auzitegi Nazionalak. Markina-Xemeingo Amaiurreko kontuan mugimendurik izan den konstantziarik ez dute.
Sortuk dio iraganekoa behar lukeen epai honek gogora ekartzen duela “Espainiako Erreinuaren autoritarismoa” ez dela berria. “Ezker Abertzaleak eta euskal gizarteak aspaldi adierazi zuten iraganeko ziklo politikoa gainditu eta Euskal Herrian bakea eta askatasunaren bidean aurrera egitea ahalbidetuko dituen agertoki politiko berri baten aldeko konpromisoa”. Espainiako Erreinuak eta “haren estatu aparatu frankistek” bakearen aldeko urrats guztiak oztopatzen jarraitzen dutela gaineratu dute. “Honek ez gaitu isilik utziko. Egoera konplexua izanda ere, borrokan jarraituko dugu”.