Maiatzaren 15erako aurkeztu behar dira Berriatuko V. Ipuin eta Marrazki Lehiaketarako lanak
Adin desberdinetako herritarrek parte hartu ahal dute lehiaketetan. Baldintzak adin tartearen arabera ezarri dituzte. Sariak ere adin tarteen arabera banatuko dituzte. Sari banaketa maiatzaren 22an egingo da, presentzialki ezin bada, birtualki.

Konfinamenduari irudimena izenburua gehituta dator aurten Berriatuko V. Ipuin eta Marrazki Lehiaketa. Lehiaketetan adin tarte ezberdinetako herritarrek parte hartu ahal dute; 16 urtetik gorako kategorietan , Lea-Artibaiko gainerako herrietako bizilagunek ere parte hartu ahal dute. Lanak aurkezteko azken eguna maiatzaren 15a da, eta sari banaketa maiatzaren 22an egingo dute, “presentzialki ezin bada modu birtualean”.
Bi lehiaketetan gaia librea izango da, eta parte hartzaile bakoitzak nahi beste lan aurkeztu ahalko ditu. Hori bai, modalitate bakoitzeko sari bakarra jaso ahalko da. Lanak posta elektronikoz aurkeztu beharko dira (udala@berriatua.org). “Marrazkiak eskuz egindakoak balira, eskaneatu eta PDF formatuan edo kalitate oneko argazki bat bezala aurkeztu beharko dira”. Gogoratu dute, posta elektronikoa bidaltzerakoan parte hartzailearen izen-abizenak eta harremanetarako telefono zenbaki bat jarri beharko dela.
Marrazki lehiaketako baldintzak ondokoak dira: teknika librea izango da, eta edozein materialegaz (eskaneatu ahal dena beti ere) egin ahalko da. Guztira bost sari banatuko dituzte, adin tarteka antolatuta:
- 5-7 urte: 20 euroko erosketa txartela.
- 8-9 urte: 30 euroko erosketa txartela.
- 10-11 urte: 40 euroko erosketa txartela.
- 12-14 urte: 40 euroko erosketa txartela.
- 15 urtetik gorakoei: 120 euro esku dirutan.
Ipuin lehiaketari dagokionez, denak euskaraz idatzita egon beharko dute (euskara batuan zein bizkaieraz). Ipuinak DINA-A4 orrian aurkeztu beharko dira, Times New Roman estiloagaz, 12 tamainako letragaz eta 1,5eko lerro arteagaz. Adin tartearen arabera gutxieneko luzera ere ezberdina izango da:
- 8-12 urte: gutxienez orri 1
- 13-15 urte: gutxienez 2 orri
- 16 urtetik gora: gutxienez 3 orri
Ondoko sariak banatuko dira:
- 8-10 urte: 30 euroko erosketa txartela.
- 11-12 urte: 30 euro esku dirutan.
- 13-15 urte: 40 euro esku dirutan.
- 16 urtetik gora: 150 euro esku dirutan.
Epaimahaia udaleko ordezkari batek, herriko idazle batek eta euskara irakasle batek osatuko dute. Gero, aurkezten diren marrazki eta ipuin guztiak ikusgai jarriko dituztela gogorarazi dute.