Paseatzera ere irten ahalko dira umeak
Jasotako kritiken ondorioz, erabaki berria jakitera eman zuen atzo [apirilak 21] iluntzean Espainiako Gobernuak. Espainiako osasun ministroak esan zuenez, gaur [apirilak 22] aurkeztuko duten alarma egoera luzatzeko dekretuan klausula bat sartuko dute.

Espainiako Gobernuak atzera egin du umeen konfinamendua arintzeko neurriei dagokienez. Datorren astelehenetik [apirilak 27] aurrera 14 urtera arteko haur eta nerabeek kalera irten ahal izango zutela esan zuten atzo [apirilak 21], baina heldu batek lagunduta eta mandatuak egiteko bakarrik. Erabaki horrek kritika ugari eragin zituen, eta iluntzean, Espainiako Osasun ministro Salvador Illak agerraldia egin zuen, ordu batzuk lehenago iragarritakoa zuzenduz.
Espainiako osasun ministroak esan zuenez, gaur [apirilak 22] aurkeztuko duten alarma egoera luzatzeko dekretuan klausula bat sartuko dute, eta, horren arabera, konfinamendua arintzeko erabakiak hartzeko ahalmena egongo da. Agindu berrian 14 urtera arteko umeek «paseoak» emateko aukera izango dutela gaineratuko dute.
Adierazi zuenez, neurria zapatuan aurkeztuko dute, eta domekan sartuko da indarrean.