Sarean ikusgai jarri dute Arantza Ibarra zinemagile ondarrutarraren 'June' lana
Fikziozko film labur ezagunaz gain, Vianako (Nafarroa) erraldoien sortze prozesua azaltzen duen 'Los 4 gigantes' film dokumentala ere sarean partekatu dute egunotan.
Itxialdian beste zinemagile askok egin duten modura, Izar Films ekoiztetxean ere hainbat lan ikusgai ipini dituzte. Ekoiztetxea sarean partekatzen hasi den lanen artean Arantza Ibarra zinemagile ondarrutarrak idatzitako eta zuzendutako June fikziozko film laburra jarri dute ikusgai.
Ibarrak agertu duenez, film laburra laister sarean ikusgai ipintzeko asmoa zuten, baina jendeari “konfinamendua arintzeko eta kulturaz asetzeko asmoagaz”, oraintxe iruditu zaie horretarako datarik egokiena. “Lanak bere zirkuitua osatuta dauka; arinago edo beranduago ikusgai jarriko genuen”.
Apirilaren 15ean partekatu zuten sarean, eta hemendik aurrera nahieran ikusgai dagoela azpimarratu du zinemagile ondarrutarrak. “Askorek ez zuten film laburraren proiekzioa ikusteko aukerarik eduki, eta beti galdetu izan didate noiz ikusi daitekeen. Orain edonoiz eta edozein gailutan ikusteko aukera dago. Ez ikusteko aitzakiarik ez dago orain”.
“Ilusio handiz” egindako lana elkarbanatu ahal izatea pozgarria dela dio. “Historia xumea eta polita da”. Anne Garcia, Olatz Beobide, Iñaki Beraetxe eta Tessa Andonegi aktoreak agertzen dira zintan, eta ondarrutarrak gaineratu duenez, egun gutxian bisitaldi asko eduki ditu.
7 minutu eta 33 segundoko iraupena duen lana Bilboko FANT jaialdian estreinatu zuten, 2018ko maiatzean. Euskal Herriko hainbat jaialdi ezagunetan partu hartu ostean, (Santuzine 2018an, Donosskino 2018an, Gasteizko Korterraza jaialdian, esaterako), nazioarteko beste hainbat jaialditan ere parte hartu zuen: hala nola, Kolonbiako, Paraguaiko, AEBetako, Indiako, Txileko eta Nigeriako jaialdietan.
Iazko Laburbira ekimenari esker, gainera, Euskal Herriko 35 herritan proiektatu zuten, baita Paris, Londres eta New York hirietan ere.
June film laburraz gain, Ibarraren beste lan ere partekatu dute sarean egunotan. 2018an grabatutako Los 4 gigantes film labur dokumentala ere ikusgai dago astelehenetik [apirilak 20].
Dokumentalak Vianako (Nafarroa) Erraldoien eta buruhandien konpartsarako sortu zituzten lau pertsonaia historikoen sortze prozesua jasotzen du. “Hori ere irekian jartzea erabaki dugu”. Film dokumentalean Kaiet Bengoetxea marrazkilari ondarrutarrak ere parte hartu zuen.