Zabalik dago 20. Augustin Zubikarai nobela beka lehiaketan parte hartzeko epea
Lanak irailaren 30a baino lehen bidali beharko dira. 6.000 euroko bekaren irabazlea urriaren 31 baino lehen iragarriko dute antolatzaileek.
Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak urtero elkarlanean antolatzen duten lehiaketaren deialdia zabalik dagoela jakitera eman dute. Iragarri dutenez, interesatuek irailaren 30a baino lehen aurkeztu beharko dituzte eleberriak idazteko proiektuak.
Bekak, hain zuzen urteurren borobila ospatzen du aurten, eta idazteko zaletasuna dutenak bertara aurkeztera gonbidatu dituzte antolatzaileek. Nabarmendu dutenez, azken 20 urteotan izen handiko idazleek irabazi dute lehiaketa. “Literatur lan ederren jaiolekua izan da lehiaketa. Zineman amaitu duen libururik ere idatzi da Augustin Zubikarai sariketari esker”.
Irabazleak 6.000 euroko saria irabazteko eta Elkar argitaletxeagaz liburua argitaratzeko aukera edukiko du. Bekaren diru kopuru hori honako eran ordainduko dio irabazleari Ondarroako Udalak: erdia, irabazle izendatu ostean, eta beste erdia, idazlan amaitua entregatu, eta epaimahaikoek onespena emandakoan.
Ana Urkiza, Leire Bilbao idazle ondarrutarrek eta Xabier Mendiguren Elkar argitaletxeko editoreak osatutako epaimahaiak jasotako proiektu guztiak aztertu, eta haien arteko bat izandatuko du irabazle urriaren 31 baino lehen. “Aurkeztutako lanek behar adinako kalitaterik ez dutela iritziz gero, beka eman barik utz dezake epaimahaiak”.
Proiektuak mrey@ondarroa.eus posta elektronikora bidali beharko dira. Testu horiek, nahitaez, jatorrizkoak, euskaraz sortuak eta beste inon saritu gabeak izan beharko dute.
Parte hartzaileek lanak aurkezterakoan izen-abizenak, helbidea, nortasun agiriaren kopia eskaneatua, posta elektronikoa eta telefono zenbakia zehaztu beharko dituzte posta elektronikoan atxikitutako mezu batean. Era berean, landuko duten kontakizunaren azalpena (2.000-6.000 karaktere) bidali beharko dute posta elektronikoan atxikitutako dokumentuetan, haren ezaugarriak zehaztuz: argumentua, egitura, luzera, estiloa… Idazlanaren lagina ere osatu beharko dute, 15.000 eta 40.000 karaktere bitartekoa, “ez nahitaez kontakizunaren hasierakoa, baina bai zati bakarra osatzen duena”.
Irabazleak izendapena jaso, eta urtebeteko epea edukiko du, gehienez, amaitutako idazlana Ondarroako Udalari helarazteko. “Luzera aldez aurretik zehazten zaila bada ere, liburua osatzeko adin eduki beharko du: 150.000 karaktere gutxienez”.