Lekeitioko Udalak 220.000 euro bideratuko ditu COVID-19ak eragindako kalteei aurre egiteko
Zehaztu dutenez, diru sail hori udalerriko merkataritza, ostalaritza eta enpresa txikiei laguntzeko neurrietara bideratuko dute. Erabakia aho batez hartu dute udaleko bi alderdi politikoek (EAJ eta EH Bildu).
Lekeitioko Udaleko Ogasun Batzordeak eguenean [apirilak 23] egindako bileran onartu zuen COVID-19ak eragindako kalteei aurre egiteko “hasiera batean” 220.000 euroko diru saila bideratzea. Erabakia aho batez hartu zuten udaleko bi alderdiek (EAJ eta EH Bildu). Diru hori, hain justu, herriko merkatari, ostalari eta zerbitzu enpresa txikiei laguntzera bideratuko dutela zehaztu dute. Lehentasunak aldatu diren modura, udalak ere aurtengo aurrekontua “goitik behera” berregituratuko duela esan dute.
“COVID-19ak eragindako pandemiak herriko ekonomia eta lan sarean sortu dituen eta sortuko dituen ondorio ekonomiko kaltegarriei aurre egitea da asmoa”. Diru sail hori “saneatutako kontu batzuen likidezia eta kaudimenari esker” batu dutela esan dute, eta Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak emandako beste laguntza batzuk osatzeko erabiliko dute.
Konfinamendu egoerak familia askoren ahultasuna areagotu egin duela eta horren jakitun direla esan dute. “Orain, lehentasuna pertsonak eta herritarren funtsezko zerbitzuei aurre egitea da”
Neurri ekonomikoak eskualdeko gainerako udalerriekin koordinatuta planifikatzen ari direla esan dute. “Kudeaketa Leartibai Garapen Agentziaren bidez bideratuko da, Lekeitioko Udala ere erakunde horren parte baita”. Momentuz, merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresetara bideratutako hiru neurri multzo diseinatzen eta definitzen ari direla diote: “Alde batetik, Garapen Agentzia sektore horien eskura jarri da beste administrazio batzuen laguntzak bideratzen laguntzeko. Bestetik, sektore horien ekonomia jarduera zergapetzen duten udal zergetatik salbuestea edo horiei onurak eskaintzea ere adostu da”. Hirugarren neurri multzoa merkataritzan eta ostalaritzan kontsumoa sustatzeko kanpainetara bideratuko dela diote. “Egoera hau bukatutakoan, barne turismoa eta hurbileko turismoa sustatzea eta erakartzearen alde egingo da”.
Gaineratu dute konfinamendu egoerak familia askoren ahultasuna areagotu egin duela, eta horren jakitun direla. “Haurrak dituzten familiek berehalako erantzuna behar dute elikagaiak eta bestelako oinarrizko artikuluak eskuratzeko. Lan kontraturik ez zuten eta lana galdu dutelako sostengu ekonomikorik gabe geratu diren familiak ere badaude, langabezia kobratu ezin dutenak alegia”. Horri, gainera, eskolako jantokiak itxi behar izanak familia horietan sortu duen karga ere gehitu behar zaiola azpimarratu dute. “Egoera oso larria da, baina erantzuna ematen ari zaio hainbat bidetatik”.
Azaldu dute litekeena dela aurten gauzatu behar ziren proiektuetako batzuk atzeratu behar izatea. “Lehentasuna pertsonak eta herritarren funtsezko zerbitzuei aurre egitea da; beharra duten herritarrei lagundu eta udalerriko negozio txikiak babestu behar dira. Beraz, oraingoz, esleituta zeuden proiektuei bakarrik helduko diegu”.
Egoerak diru bilketan ere beherakada eragingo duela eta horrek udalaren ahalmenetan ere eragin zuzena edukiko duela gaineratu dute. “Garai gogorrak ditugu zain, baina pazientzia, batasuna, enpatia, pertseberantzia eta erantzukizunez jokatu behar da, birusaren aurrean erne egonda eta erlaxatu gabe, aurrera egingo dugu”.